Eskuzaitzeta Gipuzkoako industriagunerik handiena bilakatuko da, milioi bat metro koadrorekin.
Eneko Goia alkatea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eneko Goiak alkateak Tokiko Gobernu Batzordean hartutako erabakien berri eman du prentsaurrean. Oraingoan, bi hirigintza egitasmo azaldu ditu: Eskuzaitzeta industriagunea, eta Blas de Otero plaza.
Zubietako industriagunea Gipuzkoako handiena bihurtuko dela jakinarazi du alkateak. 100 hektarea ditu inguruak, eta industriagunearekin batera, bertan egitea aurreikusita dago kartzela berria eta errauste planta ere.
Eusko Jaurlaritzak eta Udalak dute lursailen jabetza. Udalak 606 mila metro koadro ditu Eskuzaitzetan, eta gainerakoa Jaurlaritzak. Hala ere, lursailen jabetza epaitegietan egon da orain arte, desjabetze prozesuak zirela eta. Auzi horiek konpondu eta Udalak lursail guztiak bereganatu dituela jakinarazi du alkateak. Gainera, pozik agertu da lortutako prezioarekin. Batazbeste, 7,34 euro ordaindu du Udalak metro koadro bakoitzeko;
4.452,267 milioi osotara. Eusko Jaurlaritzak 30 eta 36 euro artean ordaindu du metro koadroa.
Lurzoruaren prezio baxuak, industriagunearen garapenean eta lehiakortasunean lagunduko duela esan du Goiak. “Eskuzaitzeta gune interesgarria bihurtuko da, eta hainbat enpresa erakartzea espero dugu”. Herreran dagoen
Otis enpresa Zubietara joateko izapideak “aurreratuak” daudela jakinarazi du Goiak. Garairik egokiena ez izan arren, zabaltzea edo handitzea pentsatzen duten enpresentzako “aukera ona” izango omen da Zubietako industriagunea.
Blas de Otero plaza, Egian.
Blas de Otero plaza, maiatzerako prest
Tabakalera eraikina inauguratu badute ere, inguruko hirigintza lanek aurrera jarraitzen dute. Tokiko Gobernu Batzordeak
Blas de Otero plazako lanak esleitzea onartu du gaur.
Hala, lanak Campezo enpresak egingo ditu, ia milioi bat euroko aurrekontuarekin. Bost hilabeteko epea izango dute horretarako, beraz, 2016ko maiatzerako amaitzea aurreikusi dute.