Ramon Saizarbitoria: "Liburu hau gazteentzat izatea nahiko nuke"
'Lili eta biok' eleberria kaleratu du idazle donostiarrak Erein argitaletxearekin.
Lili eta biok eleberriko protagonistak (Erein, 2015). Pertsonaia nagusiak Lili neskatila gaztea eta Faustino Iturbe psikologo ohia dira, eta azken hori da istorioaren narratzailea. Donostiako kaleak dira gertaeren eszenatokia, bertakoa baita nobelaren egilea: Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944). “Idazlea baino gehiago nobelagilea naiz. Gauzak era nobelistikoan esaten ahalegintzen naiz”, adierazi du Saizarbitoriak liburuaren aurkezpenean. Hala, gazte literaturan esperientziarik ez duen arren, oraingoan “padagogia” alderditik ere jo duela onartu du: “Liburu hau gazteentzat izatea nahiko nuke”. Azken batean, duela hiru urte argitaratutako Martutene nobelan bezalaxe, gizarteak ondorengoei utziko dienak kezkatzen du idazlea.
Kasualitatez ezagutu dira nobelako pertsonaiak. Faustino oso gaixo dago, idazten ez duen idazlea da, eta ziur aski horregatik dago gaixo. Lili ezagutuko du, eta Txiki txakurra ere bai, eta elkarbizitzari ekingo diote.
Errealitateko pertsonak eta fikzioa nahastu ditu Saizarbitoriak, eta Ereineko arduradunen arabera, geruza askoko nobela da. Ironia, umorea, sexua, kasualitatea, didaktikotasuna… halako kontuak nahastu ditu Saizarbitoriak 575 orrialdetan.
Kasualitateak dira