U.K. Bill taldeak 'Ez nago lo' diskoa kaleratu du
Hamar abesti bildu dituzte añorgatarrek lan berrian, tartean, IRUTXULOKO HITZAri eskainitakoa.
U.K. Bill rock talde añorgatarrak prest du jada disko berria: Ez nago lo. Taldearen ibilbideko laugarren estudioko lana da, eta hamar abestik osatzen dute. U.K. Billek hamar urte bete ditu aurten, eta IRUTXULOKO HITZAren bosgarren urteurrenarekin bat eginez, diskoko abesti bat eskaini dio: Gure Hitza. Durangoko Azokan salgai egongo da diskoa, Musikazuzenean postuan.
“Hamar urteko ibilbidearen ondoren, 2015 urtea disko berria prestatzen pasa dugu. Diskoa otsailean hasi ginen grabatzen, eta maiatza eta urria ere Garate Estudioan pasa ditugu”, azaldu dute taldekideek. Urtean zehar, Gure hitza abestiaz gain, Ez nigana hurbildu ere aurreratu dute, eta Gure Hitza eta Ez nago lo abestien bideoklipak osatu dituzte, Unai Aranaren zuzendaritzapean. “Oso gustura gaude emaitzarekin. Momentu ona da. Proiektu berriak egiteko ahalmena dugu, baina aberats egin gabe… Esan daiteke aberatsak garela, baina beste zentzu batetan”.
Dagoeneko hainbat kontzertu lotuak dituzte disko berriaren aurkezpen gisa: abenduak 6 Ahotsenea, Durangoko Azokan; abenduak 11, Le Bukowsky; urtarrilak 16, Ttan Ttakun irratiaren festa, Gazteszenan.
EZ NAGO LO
- Begi okerra
- Ez nago lo
- Lotu borrokari
- Ez zaitez nigana hurbildu
- Beharrean
- Iraultza kosmikoa
- Oroitzapen eroak
- Azken trago bat
- Gure hitza
- Mugatik bueltan