Donostiako Euskal Herrian Euskaraz-ek kezka handiz ikusi ditu udal gobernuak hartu dituen zenbait neurri.
“Legealdi berria hasi zenetik sei hilabete eskas pasa diren arren, kezka handiz ikusi dugu Donostiako Tokiko Gobernu berriak hartu duen norabidea”. Donostiako
Euskal Herrian Euskaraz taldeak Euskararen Nazioarteko Egunean banatutako eskuorrian plazaratutako adierazpena da hauxe. Donostia euskaldunaren kaltetan harturiko hiru erabaki nagusi aletu ditu.
Udal gobernu berrian
zinegotzi erdaldun bakarrak izendatu izana salatu du: “Atzerapausoa da Donostiako Tokiko Gobernuak ondorengo lau urtean ezingo duelako euskaraz funtzionatu”. Gainera,
hiru zuzendari erdaldun elebakar izendatu dituztelako kexu da.
Dbus enpresa publikoaren gainean hartutako erabaki bat ere kritikatu dute. Gidari berrien %40ari euskara ez eskatzea eta ez baloratzea onartu dutelako, “dagoeneko lanean ari diren gidarien erdiak euskaraz ez dakitenean”. Gidari euskaldunak baztertu eta bidaiarien hizkuntza eskubideak urratuko direlakoan daude.
Euskararen Nazioarteko Egunean “Donostia euskaldunaren eraikuntzan tokiko gobernuak egingo dituen atzerapauso guztiak” salatzeko konpromisoa hartu du EHE taldeak. Eta bereziki Donostia 2016ko ekitaldietan euskararen presentzia ziurtatzeko lan egingo dutela aurreratu dute, presio talde bat sortuz. Beraiekin kolaboratzeko prest daudenei beraiekin haremanetan jartzeko deia egin dute (donostiakoehe@gmail.com).