Nuria Alzugaraik ukatu du Batasuna edota Ekinekoa izatea
Zortzi urte igaro ondoren hasi dira epaitzen Segurako polizia operazioan atxilotutakoak. 04/08 sumarioan daude auzipetuak 35 lagun; Peio Galvez, Iñigo Balda eta Nuria Alzugarai Egiako bizilagunak, tartean. Orain, gutxienez martxora arte aritu beharko dute Madrilerako joan-etorrian, auziak beste norabiderik hartzen ez badu, behintzat. Ikerketak 2005ean hasi baziren ere, 2007ko urriaren 4an Seguran eginiko polizia operazioarekin egin zen ezaguna auzia. Han, bilera batean zeuden ezker abertzaleko 23 kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Sarekada horretan hainbat kide eraman zituzten; horiei fiskalak leporatzen die 2005etik legez kanporatuta zegoen Batasuna alderdiaren mahai nazionala berriz osatu nahi izatea, ETArekin batera adostutako estrategia baten barruan. Urtarrilean hastekoa zen epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketa, ordea, bertan behera utzi zuten, egun batzuk lehenago hainbat abokaturen aurkako polizia operazioan defentsako abokatuak atxilotu zituztelako. Sei eta 12 urte bitarteko espetxe zigor eskaerei aurre egitekoak ziren; atzerapenagatik, ordea, – 8 urte geroago egingo da epaiketa- gradu bat jaitsi diete, eta hiru eta sei urte bitarteko espetxe zigorra izan dezakete. Nuria Alzugaraik gaur deklaratu du, epaiketaren lehen egunean. Beste auzipetuek bezala, akusazioak ukatu ditu. Auzipetuek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian, bertara sartu aurretik. Asteazken iluntzean, hainbat mobilizazio egin zituzten herriz herri auzia salatzeko.
Erlazionatutako edukiaPeio Galvez, Iñigo Balda eta Nuria Alzugarairi elkartasuna adierazi diete Egian