Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile berriak bere asmoen berri eman du. Talde donostiarrak Andorran jokatuko du larunbatean.
Porfi Fisac, Gipuzkoa Basketeko presidente Nekane Arzallusen ondoan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Porfi Fisac da Gipuzkoa Basketen entrenatzaile berria. Ostegun goizean aurkeztu du klubak, eta argia eta zuzena izan da, bere kirol ibilbidean zehar egin izan duen moduan. Hain justu, horixe da bere bereizgarrietako bat.
Donostiara 2004-2005 denboraldian iritsi zen, eta talde gipuzkoarrarekin lortu zuen ACB Ligara igotzea, 2006an, ezustean. Ez zuen, inolaz ere, talde onena helburu hori erdiesteko, baina lortu, lortu zuen. Orduan ere harribitxiak utzi zituen hemerotekan, esaldi zorrotz eta zehatzez betetako adierazpenen bitartez. Bere izaeraren parte dira, motibatzaile peto-petoa baita. Goizeko aurkezpenean, bere asmoak eta sentipenak ongi baino hobeto laburtu ditu berriro, hitza hartu bezain pronto. Ilusioarekin ekin dio bere bigarren egonaldiari, Donostian. “Valladolid eta Gipuzkoa Basket dira nire bihotzeko klubak. Orain bizirik jarraitzen duen taldearen alde borrokatuko dut”, esan du, Valladolid desagertuta, talde donostiarra barru-barruan duela adierazteko. Hain zuzen ere, Urrezko LEB Ligan ari zen atzo arte entrenatzaile lanetan, Palentzian. Lehen postuan utzi du taldea, ACB Ligan azken postuan dagoen Gipuzkoa Basketera itzultzeko: “Nork behar du gehiago nire laguntza? Lehena doana edo azken postuan dagoena?”.
Larunbatean du lehen erronka. “Andorran irabaziko ez dugula pentsatzen duenak hobe du Euskal Herrian geratzea. Ez du zigorrik jasoko, baina hemen gera dadila”, adierazi du, larunbateko partidaren garrantzia nabarmentzeko. “Taldean ez ditut gauza asko aldatuko, ez dut iraultza egingo, baina jokalarien gosean egingo dut indarra. Jokalarien buruan sartu nahi dut, haien desioan eragiteko”, esan du. “Ez ditugu etxeko leihoak aldatuko. Gure asmoa, momentuz, etxean lo egin ahal izatea da”, azpimarratu du. “Ez dugu bizitza zailagoa egingo. Goazen burua garbitzera, lehenik eta behin”, erantsi du.
Adierazpen hauek Fisacen izaera ezagutzeko adibide batzuk besterik ez dira. Taldeak mezua barneratu eta lehen garaipena eskuratzen duen ikusi beharko da orain.