
Elkarretaratze bat egin zuten Egian, Peio Galvez, Iñigo Balda eta Nuria Alzugarai auzokideei elkartasuna adierazteko. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
04/08 sumarioko auzipetuak epaitzen hasi ziren atzo Madrilen, Seguran eginiko polizia operazio hartatik zortzi urte igaro direnean. 35 lagun epaituko dituzte datozen hilabeteetan; Peio Galvez, Iñigo Balda eta Nuria Alzugarai egiatarrak, tartean.
Alzugaraik berak atzo bertan deklaratu zuen, epaiketaren lehen egunean. Ukatu egin zuen Batasuna edota Ekinekoa izatea. Egiatarrak esan zuen ez duela haien bileretan parte hartu, EHAK-ko langile zela. Hain zuzen ere, legez kanporatutako ezker abertzaleko alderdien aurkako azken zigor prozedura da atzo abiatutakoa. Kasu honetan, EHAK eta ANV alderdietan aritutako batzuk epaituko dituzte, ETArekin lotura dutelakoan.
Ikerketak 2005ean hasi baziren ere, 2007ko urriaren 4an Seguran eginiko polizia operazioarekin egin zen ezaguna auzia. Han, bilera batean zeuden ezker abertzaleko 23 kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz.
Sarekada horretan hainbat kide eraman zituzten; horiei fiskalak leporatzen die 2005etik legez kanporatuta zegoen Batasuna alderdiaren mahai nazionala berriz osatu nahi izatea, ETArekin batera adostutako estrategia baten barruan.
Urtarrilean hastekoa zen epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketa, ordea, bertan behera utzi zuten, egun batzuk lehenago hainbat abokaturen aurkako polizia operazioan defentsako abokatuak atxilotu zituztelako.
Sei eta hamabi urte bitarteko espetxe zigor eskaerei aurre egitekoak ziren auzipetuak; epaiketak izandako atzerapenagatik, ordea, gradu bat jaitsi diete, eta hiru eta sei urte bitarteko espetxe zigorra izan dezakete.
1,2 milioi, bermetan
Libre mugimenduak epaiketari buruzko datu batzuk jakinarazi ditu, polizia operaziotik igarotako zortzi urte hauetan guztietan gertatutakoa laburtzeko. Auzipetuek orain arte kartzelan eman dituzten urteak batuz gero, 54 urteko espetxealdia igaro dute dagoeneko. Bermetan, berriz, 1.266.000 euro jarri behar izan dituzte. Peio Galvezek eta Iñigo Baldak urte eta hiru hilabete pasa dituzte kartzelan; Nuria Alzugaraik, bi urte.
Libre mugimenduak maiatza arte luzatuko den epaiketaren aurreikuspena egin du, gastuari dagokionez. Orohar, 187.250 euroko gastua kalkulatu dute; 5.350 euro, auzipetu bakoitzeko. Egonaldiari dagokionez, 2.850 euro kalkulatu dituzte auzipetu bakoitzeko, ostatua, bidaiak eta otorduak kontutan hartuta. Asistentzia juridikoari dagokionez, 2.500 euro kalkulatu dituzte auzipetu bakoitzeko, abokatua eta prokuradorea ordaintzeko.
Libre mugimenduak nabarmendu du «epaiketa politikoen kateak» ez duela etenik: «Ez gara aurrenak. 18/98ko kideak zigorra osorik betetzen ari dira, politikariak, kazetariak, herri mugimenduko kideak, sindikatuetakoak daude kartzelan. Ez gara azkenak izango, oraindik ere beste zenbait epaiketa izango direlako; abokatuak, gazteak…».
Lan politikorako eskubidea urratzen dela berretsi dute: «Euskal Herrian Politika egitea judizializatua dago. Guri ilegalizazio politika ezarri ziguten, baina beste hainbat esparrutan ere oztopatzen dute herri honen garapena».
Libre lasterketa egingo dute hirugarrenez
Abenduaren 12an, Libre lasterketaren hirugarren ekitaldia egingo dute, 20:00etan, Bulebarretik abiatuta. Sei kilometroko ibilbidea izango du, eta epaiketek eragiten dituzte gastuak arintzeko dirua biltzea izango du helburu. Izen ematea Herrikrosa.eus webgunean egin daiteke, baita Herria, Marruma, Hontza, Rekalde, Ilunki, Jolas Etxea eta Plateron ere.