Egia Euskaraz batzordeak Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako proiektua abian jarriko du urtarrilean. Eguneroko bizitza euskaraz egingo dute hainbat eragilek, astebeteko txanden bitartez.
Euskararen egunaren harira, auzo argazkia egin dute egiatarrek. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Asko dira, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, hiriko auzoetan antolatu diren jarduerak. Egian, ordea, apustu ausarta egin dute oraingoan, eta ospakizun edo aldarrikapen soiletatik konpromisora igaro dira. Hain justu, Egia Euskaraz batzordeak Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako proiektua aurkeztu du.
Auzoan euskaraz bizitzea da erronka. Hori hala izateko, hainbat lagunek astebeteko txandak egingo dituzte, eta eguneroko bizitza euskaraz egingo dute. Euren euskarazko jardunari eutsiko diote, komunikazioa oztopatu arte. Aitziber Gurutzeaga Egia Euskaraz batzordeko kideak adierazi duenez, “ohikoa izaten da, gure ondokoak euskaraz ulertu arren, erabiltzen ez duelako gu ere gaztelerara pasatzea. Esperientzia honetan ondokoak ulertzen duen bitartean euskarari eustea proposatzen dugu”.
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako proiektuko txandak urtarrilean hasiko dituzte, 2016. urtearen etorrerarekin. Urtarrilaren 8tik otsailaren 26ra Egiako talde eta elkarteetako kideak ahaleginduko dira euskaraz bizitzen, eta, azken astean, otsailaren 26tik martxoaren 4ra, norbanakoen txanda izango da. Bizipenak biribiltzeko, Egia Euskaraz Eguna ospatuko dute martxoaren 12an.
Euskaraz bizitzeko bide horretan, proiektuan parte hartu nahi dutenek hainbat egoeratan nola jokatu, edo oztopoak nola kudeatu jakiteko TELP tailer batean parte hartzeko aukera izango dute. Aitor ikastolan eskainiko dute ikastaroa abenduaren 12an, 10:00etatik 12:00etara.
Hemezortzi eragile
Dagoeneko hemezortzi eragilek bat egin dute proiektuarekin: Egia Euskaraz Batzordea, Haur Gunea, Antxeta Ttan Ttakun aisialdi taldea, eskubaloi taldea, Aitor ikastolako irakasle, guraso elkarte eta 6. mailako ikasleak, Haur Txoko eta gaztelekua, Egiako Sortu, Tabakalera, Musika eta Dantza eskola, Trebeska dantza taldea, Maria Reina ikastetxea, Lauaizeta ikastola eta bertako guraso elkartea, Txondorra, Porrontxo jaiak, Ur Zaleak elkartea eta Egia Bizirik auzo elkartea.
Orohar, Egian erraza dela euskaraz hitz egitea onartu du Alberto Irazuk. Haur Gunearen ordezkari gisa arituko da bera, eta lasai dago astebeteko erronkari aurre egiteko; nahi izanez gero, euskaraz bizitzea badagoela Egian uste du.
Antxeta Ttan Ttakun aisialdi taldeko lau kidek parte hartuko dute proiektuan. Amaiur Berra gaztea da horietako bat. Bere ustez, Egiako gune gehienetan erraza izango da euskaraz aritzea, baina gehien kostako zaiona bere burua horretara behartzea izango da. “Alferkeriagatik edo komunikazioa ez oztopatzeagatik pasatzen naiz gaztelerara, erraztasun handiz”, aitortu du Berrak.
Irazuk zein Berrak argi dute euskaraz ez dakien jendearekin topo egingo dutela, halakoa baita auzoko errealitatea. Zentzu horretan, “erdaldun jendearekin bizi gara, baina guk euskaraz bizi nahi dugu eta erdaldunak ere parte garrantzitsua dira xede hori lortzeko”, esan du Irazuk. Izan ere, esperientziaren bidez, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten auzotarrak ere animatzea espero dute. Astebeteko erronka “abiapuntua” izatea lortu nahi dute.
Parte hartzeko deia
Astebetez euskaraz bizitzeko esperientzia bizitzera animatu dituzte auzoko eragile eta norbanako guztiak. Parte hartu nahi duenak Egiaeuskaraz@gmail.com helbidera idatzita eman dezake izena, abenduaren 10a baino lehen.
Parte hartuko duten eragileetako hainbat ordezkari Plaza Haundin izan ziren joan den larunbatean, proiektuaren aurkezpenean.
Auzotarren parte hartzea eta konpromisoa taldeko argazki batekin irudikatu nahi izan zuten. Izan ere, musika, bertsoak eta mokadutxo batekin girotu zuten Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako proiektuaren aurkezpena, eta bukaeran auzo argazki bat atera zuten Markel Brigak egindako graffitiaren aurrean.
Establezimenduen gida
Herritarren arteko komunikazioa euskaraz egiteko, sarritan aski izan ohi da lehen hitza euskaraz egitea. Edo beste askotan, itxuragatik edo ohituragatik gazteleraz egin eta pareko hiztuna euskalduna izan ohi da. Halako egoerak ekiditeko, Egian euskaraz komunikatu daitekeen establezimenduen gida bat egin dute. Behin behineko gida dela adierazi dute Egia Euskaraz batzordeko kideek, baina erabilgarri izango delakoan, larunbatean banatu zuten Plaza Haundin elkartu ziren herritarren artean.
Gainera, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako proiektuan parte hartuko duten pertsonek ohar liburuxka bat izango dute euren bizipenak idazteko, eta ohar horiek baliatuko dituzte euskarazko establezimenduen gida osatzeko.
Egia auzo aldapatsua izan arren, Gustuko aldapan, nekerik ez dio esaerak, eta egiatarrek ere gogotsu ekin diote euskaraz bizitzeko edo euskaraz bizitzen jarraitzeko erronkari.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea