«Pozik nago ematen ari naizen mailarekin»
Donostiak hainbat ordezkari ditu Realaren gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeetan. Jon Ander Olasagasti (Gros, 2000) erdilaria da horietako bat. Gero eta minutu gehiago pilatzen ari da maila gorenean. Denboraldi honetan, ligan, kopan eta Europan aritu da txuri-urdinez jantzita, eta horrela jarraitzea gustatuko litzaioke. Otsailean, 2027ra arte berritu zuen kontratua Realarekin.

Non eta noiz hasi zinen futbolean?
Santo Tomas lizeoan. Dena dela, zazpi urterekin, Lengokoak taldearekin hasi nintzen futbolaren munduan gehiago murgiltzen. Urte bat zaharragoak zirenekin hasi nintzen jokatzen. Ondoren, Antiguokora joan nintzen, eta, 2014an fitxatu ninduen Realak.
Gaztea zaren arren, hondartzako futbola ezagutu zenuen?
Bai, noski. Santo Tomas lizeoarekin aritu nintzen bi urtez. Egia esan, talde nahiko ona genuen. Nire gelako asko, nire kuadrillakoak ere badirenak, Añorgan aritzen ziren futbolean, eta maila ona zuten. Gogoan dut bi ligaxka jokatzen zirela, eta ligarako edo koparako sailkatzen zinela. Liga jokatzeko sailkatu ginen bi urteetan, eta horietako urte batean Donostiako hirugarren talde onena izan ginen.
Hondartzatik lehen mailako futbol profesionalera iristen zareten jokalari donostiarrak ez zarete asko…
Ez dut uste, baina lehen mailara iristen diren donostiar gehienek ezagutu dute hondartzako futbola. Nire garaian, Jon Guruzeta dut gogoan, orain bigarren mailan Eibarrekin ari dena. Dena dela, Martin Zubimendi, Ander Barrenetxea eta Alvaro Odriozola ere hondartzan aritutakoak direla esango nuke.
Realeko mutilen eta nesken lehen taldeetan donostiar batzuk bazaudete. Zure hiru taldekide donostiar aipatu dituzu, eta zurekin batera lau zarete, beraz.
Bai, baina bosgarren bat ere aipatuko nuke. Izan ere, Aihen Muñoz Donostian jaio zen, eta txikitan joan zen arren, donostiartzat har genezake. Nesken lehen taldean, berriz, bi daude: Amaiur Sarriegi eta Cecilia Marcos. Kopurua ikusita, uste dut aspaldi ez genituela horrenbeste donostiar lehen taldeetan.
Zure txikitako nahia zen Realean aritzea?
Realean jokatzea dena da niretzat. Nire hiria, nire taldea, nire betiko sentimendua zelaian defendatzea bereziena da. Txikitatik naiz bazkide. Hasieran, aitarekin, osaba-izebekin eta lehengusuekin esertzen nintzen, eta gerora, kuadrillakoekin.
Bazkide eta jokalari ez ezik, pilota jasotzaile gisa aritu zara, ezta?
Horrela da, bai. Hiru edo lau partidatan egokitu zitzaidan, eta izan nuen esperientzietako bat ez dut sekula ahaztuko: Real Madrili Anoetan 4-2 irabazitako partida, 2014an.
Espero zenuen goi mailara iristea?
Egia esan, oso zaila da. Halere, niretzat bada urte bat erabakigarria izan zena helburu hori lortzeko. Aurrerapauso handia eman nuen Realaren bigarren taldearekin bigarren mailara igo ginenean. Bigarren mailan jokaturiko denboraldia ere oso garrantzitsua izan zen niretzat. Hor ikusi eta ikasi genuen zer zen futbola. Partida onak jokatu genituen, baloia ondo mugitzen genuen 80 minututan, baina kosta egiten zitzaigun golak egitea. Beraz, ikasgai paregabea izan zen niretzat eta beste jokalari batzuentzat.
Realaren azken denboraldi onak ikusita, zale batzuei ahaztu egin zaie lehen taldea ere bigarren mailan ibili zela duela ez asko. Trebatzeko ona izango da bigarren maila, baina baita gogorra ere.
Bigarren maila oso zaila da. Taldeen maila berdindu egiten da, eta ez da batere erraza lehen mailara igotzea. Denboraldi oso luzea izaten da, 42 partida direlako, igotzeko kanporaketak kontatu gabe. Gainera, egungo sistemarekin, lehen postuetan geratu arren, lehen mailara igo gabe geratu zaitezke.
Xabi Alonso izan zen zure entrenatzailea Realaren bigarren taldean. Aipatu ez baduzu ere, zuretzat garrantzitsua izango zen, ezta?
Zalantzarik gabe. Gainera, berak jokatzen zuen postu berean aritzen naiz, eta bere aholkuei esker asko hazi naiz futbolari moduan. Oso gustura ibili nintzen berarekin.
Otsailean kontratua berritu zenuen 2027ra arte. Realak modu esanguratsu batean aurreratu zuen albistea. Groseko argazki zahar bat aukeratu zuten, Txofreko zezen plaza ageri dena. Zuk, ordea, ez zenuen plaza hori ezagutu.
Ez, noski. Kontratu berria sinatu nuen egunean bertan, komunikazioaz arduratzen den pertsonak esan zidan Txofreko zezen plazaren argazki bat igoko zuela sare sozialetara. Oniritzia eskatu zidan arren, dagoeneko sareetara igota zegoen [barrez]! Bitxia iruditu zitzaidan, nire kontratu berritzea iragartzeko modu desberdin bat.
Egungo Txofre plaza eta jolasgune gorria, berriz, ondo ezagutuko dituzu, ezta?
Ondo baino hobeto. Grosen futbolean aritu garen gehienok ezagutzen dugu. Zapatilak, arropa eta baloia gorrituta eraman izan ditugu etxera. Gerora, jolasgunea berritu zuten, eta zuloak eta koxkak daude. Okerrago dago orain. Gainera, lehen, jolasgunea inguratzen duen hesi berde baxu bat zegoen, eta baloia eremutik gutxiago ateratzen zen. Hori ere kendu zuten, eta uste dut orain futbolean aritzeko ez dela horren leku erosoa.
Anoetan aritzea, berriz, beste kontu bat da. Gogoan duzu zure debuta?
Ez zen Anoetan izan, etxetik kanpo baizik. Espainiako Kopan jokatu nuen lehen taldearekin nire aurreneko partida. Panaderia Pulidoren kontra izan zen, 2021eko abenduan. Lehen mailan, berriz, Rayo Vallecanoren kontra Vallecasen jokaturiko partida izan zen nire debuta, 2022-2023ko denboraldian. Gainera, egun gutxira jokatu genituen kopako final-laurdenetako neurketa Bartzelonaren kontra Camp Nouen, eta ligako partida Santiago Bernabeun Real Madrilen aurka. Kopatik kanpo geratu ginen, baina Madrilen berdindu egin genuen. Hiru partidetan minutu batzuk jokatu nituen. Anoetan, berriz, 2023ko otsailaren 5ean egin nuen debuta, Valladoliden kontra galdu genuen neurketan.
Ondo bidean, oraindik partida asko jokatuko dituzu Anoetan, eta beste hainbat estadiotan. Orain arte lehen taldearekin izandako esperientziarekin gustura zaude?
Bai, erabat. Hemen, pixkanaka ikasten duzu, ez zara zerotik ehunera iristen. Badakizu gorabeherak izango dituzula, aukera gehiago ala gutxiago, minutu gehiago edo gutxiago, baina beti egon behar duzu prest jokatzeko. Pozik nago ematen ari naizen mailarekin, eta aukerak izaten ari naizelako. Oraindik pare bat hilabete falta dira denboraldia bukatzeko, eta prest nago datorrenari aurre egiteko.
Erdilaria zara, eta Realaren lehen taldean hainbat zaudete hamaikakoan sartzeko lehian.
Denboraldi hasieran minutu gutxi izan nituen, baina lanean jarraitu nuen, jarrera onarekin. Pasa den abendutik aurrera, minutu gehiago jokatu ditut, eta konfiantza gehiagorekin nabil. Nahiz eta jarrera bera mantendu dudan, konfiantza indartu dut. Horrela jarraitzea espero dut.
Imanol Alguacil entrenatzaileak minutu asko eman dizkizu azken boladan.
Entrenatzaileak erabakitzen du nork jokatuko duen, eta hor ezin duzu ezer egin. Badakizu zure momentua iritsiko dela, eta, horregatik, prest egon behar duzu, esan moduan. Nahiz eta jokalari guztiak jokatzeko moduan egon, eta hiru edo lau hilabetez aukerarik ez izan, entrenatzaileak zu ateratzea erabaki dezake. Beraz, hor egon behar duzu, jokatzeko prest.
Alguacili prentsaurreko batzuetan erabiltzen dituen eta ez dituen jokalarien inguruan galdetu izan diote. Esaterako, zuk jokatzen duzulako eta beste batzuk ez. Zer duzu esateko?
Kritikak beti egongo dira, eta ezin gara horrekin itsutu. Talde barruan giro oso ona daukagu, eta halakoek ez digute eragiten. Nik edo beste batek jokatu, ez dago arazorik, denak elkarrekin gaude. Jokatzen duena berdin animatzen dugu. Beste talde batzuetan halako arazoak ikusten dira, baina ez da Realaren kasua.
Denboraldia ez da txarra izaten ari, baina ezta ona ere. Kopako finalaren atarian geratu ondoren, nola zaudete?
Pena pixka batekin, oraindik. Gertu ikusi genuen finala, eta sekulako borroka egin ondoren, 116. minutuan galtzeak min ematen du. Hala ere, seguru nago egunak pasatu ahala, harrotasun hitza geldituko dela zaleen eta denon memorian.
Minutu batzuk jokatu zenituen Santiago Bernabeun Real Madrilen kontra, finalerdien itzulerakoan. Galdu arren, partida esanguratsu batean parte hartu zenuela uste duzu?
Gau handi batean, agertoki mundial batean, lehen taldearekin jokatzeak txikitatik egindako lan guztia ekartzen dit gogora. Momentuan ez zara kontziente, Imanolek esandakoa bete nahi duzulako. Baina bai, Realarekin halako gauetan jokatzea ikaragarria da.
Europatik at geratzea ere kolpea izan zen taldearentzat.
Bai, baina Manchesterren kanporatu gintuzten moduagatik. Markagailuan aurretik jarri ginen, eta gero epaileak harturiko hainbat erabakik dena zapuztu zuen. Horri buelta ematea zailegia izan zen, ezinezkoa. Gertaturikoa ez dugu ahaztu, baina atzean utzi behar dugu Europara berriz ere sailkatzeko aukerak ditugulako oraindik. Egia da ligan partida txarrak jokatu ditugula azkenaldian, baina egoerari buelta eman nahi diogu, eta, horretarako konfiantza badugu.
Realaren azken sasoiak ikusita, badirudi taldeak urtero eman behar duela maila ligan, eta Europara sailkatzea izan behar dela helburu nagusietakoa. Presio hori nabari duzue?
Urte oso onak egin ditu taldeak, eta normala da horretara ohitu izana. Azken denboraldiekin alderatuta, ligan ez gabiltza hain ondo, baina taldea ondo ikusten dut. Beti dago hobetzeko aukera, eta bide horri helduko diogu.
Fisikoa garrantzitsua da denboraldiei modu lehiakor batean aurre egiteko. Psikologia, berriz, ez da asko aipatzen, eta akaso garrantzitsuagoa da. Zer iruditzen zaizu?
Azken bi-hiru hilabeteak zailak izan dira. Partida asko jokatu ditugu epe laburrean, eta nahiko jarraian. Liga, Europa Liga eta Espainiako Kopa izan ditugu jokoan, eta egutegia oso intentsua izan da. Igandean, ostegunean eta igandean berriz ere jokatzea ez da batere erraza izan guztiontzat. Hiru egunetik behin jokatzeak lanketa fisiko eta mental zehatz bat egitera eraman gaitu. Izan ere, neurketa bat jokatu orduko, hurrengoari begira jarri behar ginen, emaitzari gehiegi erreparatu gabe. Momentu zailak pasatu ditugu indibidualki eta kolektibo moduan, baina gu guztion arteko harreman onari esker egin dugu aurrera.
Momentu honetan, zer moduz zaude fisikoki eta mentalki?
Oso ondo. Lesiorik ez dut izan, beraz, ezin naiz kexatu. Lanean eta jarrera onarekin jarraitzen dut. Momentu on eta ez hain onak ditugula egia da, baina ez ditut une horiek kanporatzen.
Entrenatzailea gogorra da entrenamenduetan eta partidetan. Baita zurekin ere?
Gogorra da, orokorrean, baina hori jokalariontzat ona da. Ondo kudeatzen du taldea, eta nahiz eta jokalari batek minutu askorik ez izan, gogor egiten dio aukera ematen dionerako prest egon dadin. Niretzat, hori oso garrantzitsua da. Asko hitz egiten du jokalariekin, oso gertukoa delako, eta guztion onura du helburu. Nik harreman ona daukat berarekin, eta gustuko dut entrenatzaile gisa duen izaera.
Lehen taldeko jokalari askok ez duzue beste entrenatzailerik ezagutu.
Bai, denbora asko darama, eta ez da kasualitatea. Ondo daki Zubietan zer nolako lana egiten den, eta harrobiko taldeen partida asko ikusten ditu. Realaren bigarren taldean urte asko eman zituen, eta dauden jokalariak ondo ezagutzen ditu. Bakoitzak nola jokatzen duen aztertzen du, eta hori oso ona da.
Donostiaren eta Realaren arteko loturarekin bueltan, badira Reala aukeratu ordez, beste klub batzuetara joaten direnak. Adibidez, Athleticera. Gaur egun, hainbat jokalari donostiar daude zuri-gorrien lehen taldean. Zure ustez, dagoeneko normalizatu da donostiar batek Athleticen eta beste euskal talde batean jokatzea?
Hori bakoitzaren erabakia da. Norberak ditu bere balio eta sentimenduak, eta horren arabera aukeratzen du. Batez ere, aukeratzeko modurik badu. Beraz, posible da donostiar batek Realean, Athleticen, beste euskal talde batean edo atzerrian jokatu nahi izatea. Ziurrenik, ez duelako sentimendu txuri-urdin hori. Beste batzuoi gehiago kostatuko litzaiguke. Hemen lekurik ez baduzu, desberdina da, baina bestela nik argi daukat zer nahiago dudan. Bestalde, uste dut normalizatuagoa dagoela Realetik Alavesera edo Osasunara joatea, Athleticera baino.
Bestalde, Donostiarekin lotura zuzena duten entrenatzaile garrantzitsuak daude egungo futbol profesionalean. Mikel Arteta (Arsenal) donostiarra, Xabi Alonso (Bayer Leverkusen) eta Andoni Iraola (Bournemouth) dira adibide batzuk.
Egia da mapan jartzen dutela Donostia eta Donostialdea. Gure izaerarekin harremana duela uste dut. Hemen langileak eta isilak gara, gauzak ondo pentsatuta egiten ditugu, eta gure onena ematen saiatzen gara. Jokalaria eta entrenatzailea izateko, aipaturiko izaera oso lagungarria da. Beste leku batzuetan odol beroagokoak dira, baina hemen ez; hotzagoak gara.