Anoeta: Bitik bi Eusebiorekin
Eusebiok lau partida eman ditu dagoeneko Realarekin. Etxetik kanpoko biak galdu ditu taldeak, Bartzelona ahalguztidunaren aurka Ligan (4-0) eta Las Palmasen kontra Kopan (2-1). Anoetan, berriz, garaipena ezagutu gabe zeuden txuri-urdinak David Moyesekin. Bada, etxeko bi lehiak bereganatu ditu Realak entrenatzaile berriarekin: Sevillaren aurka (2-0), eta, atzo, Eibarren kontra (2-1).
Gipuzkoarren arteko derbiari dagokionez, hiru puntuak larri lortu zituzten donostiarrek, markagailuari buelta eman eta azken minutuan eskuratu baitzuten garaipena. Agirretxek, nola ez, egin zituen Realaren bi golak. Usurbildarra 11 gol egin ditu dagoeneko Ligan. Bakarrik Neymarrek eta Luis Suarezek lortu dituzte gol gehiago.
Horrenbestez, Eusebiorekin etxeko dinamika, behintzat, aldatu egin da. Anoetan lortutako puntuei esker, Realak gora egin du sailkapenean. Orain 13. postuan da, 15 punturekin, jaitsiera postuetatik 4 puntura. Reala 16. postuan zen Moyes kargutik kendu zutenean, 9 punturekin, jaitsiera postuetan zegoen Las Palmasekin berdinduta. Lan asko dago oraindik egiteko, baina arnasa hartu dute txuri-urdinek.