Okendotegi aldera igarotzeko oinezkoentzako pasabide berria erabiltzen dute jada auzoko bizilagunek.

Eguerdirako dagoeneko zubi erdia bota dute langileek. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Uholdeak saihesteko obrekin aurrera darraite Martutenen. Auzoa hankaz gora dago obren ondorioz, eta hondeatzeko makinak eta langileak ikus daitezke Urumea ibaiaren bueltan. Dagoeneko bi zubi gutxiago dituzte auzoan: batetik, gaur bota duten oinezkoentzako pasabidea,
Pilar auzunea eta Okendotegi bidea lotzen zituena; eta bestetik, duela bi aste bota zutena,
Martutene pasealekukoa, ibilgailuentzako zein oinezkoentzako balio zuena.
Pilarreko zubia goizean hasi dira botatzen, eta eguerdirako jada zubi erdia eraitsia zuten. Bizilagun bat baino gehiago hurbildu dira eraiste lanak gertutik ikustera.
Bi zubi horiek, ordea, badituzte ordezkoak; Pilarrekoa zubi berria jada erabilgarri dago, baina, Martutene pasealekukoan oraindik lanean ari dira. Gauzak hala, zirkulazioak 27 industriagunera bideratuta jarraitzen du, Sarroeta pasealekutik. Zubi berriaren oinarria 2016 otsailean jartzen hastea espero dute, maiatzerako erabilgarri egoteko.
Lurrari eusteko horma egina dago ia ibaiertz osoan zehar, baina euri urak bilduko dituen tankea falta da. Egokitze lan guztiak 2016ko urte bukaerarako amaitzea espero dute.