Udal gobernuak puntu kritikoen mapari jarraipenik ez dioela eman salatu dute.

Emakume bat, attari batean sartzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
EH Bilduko zinegotzi Naiara Sampedrok eta Ricardo Burutaranek komunikabideen aurrean agerraldia egin dute, indarkeria matxistaz hitz egiteko. Horren harira, bi interpelazio aurkeztuko dizkio udal gobernuari.
Aurreko legegintzaldian, EH Bilduk proiektu bat jarri zuen abian: espazio ez seguruak ezabatzea, indarrean dauden eraikuntzako ordenantza osagarrien aldaketaren bidez eta etxebizitzetarako atarietan sartzeko baldintzei dagokienez. Hau egiteko, adibide batzuk proposatzen dituzte: Atari edo garajeetarako sarrerak beti kale edo bide nagusietatik izatea; ikuseremu txikiko sarrerak kentzea; sarrerak beti kalearen mailan egotea; material eta elementu gardenak erabiltzeko derrigortasuna ezartzea, barrukoaren kontrol bisuala ziurtatuz. Azken batean, irizpide logiko batzuk ezartzea dute helburu, eta eraikuntzetan dauden seguruak ez diren espazioak ezabatzea. Gai honi buruz berririk izan ez dutenez, udal gobernuari interpelatzea erabaki dute, lan hauek zertan dauden jakiteko.
Bestalde, azaroan egin zuten Berdintasunerako Kontseilutik hona, hainbat emakume taldek jakinarazi diete indarkeria matxistari aurre egiteko prest daudela, eta talde batean parte hartuko luketela. “Berdintasun zinegotziak, baina, ez du erantzunik eman, eta urtarrila arte ezin izango duela gaia landu esan du. Bada garaia zinegotziak bere ardura hartzeko; are gehiago, ikusirik geroz eta salaketa gehiago daudela. Seriotasun eta ardura falta handia da horrelako gai bati jarraipenik ez egitea”.
Gune kritikoen mapa

Katalina Eleizegi kaleko pasabidea. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Sampedrok azaldu duenez, azaroko udalbatzarrean aurreko legegintzaldian abian jarritako gune kritikoen mapaz hitz egin zuten. “Iaztik auzo elkarte, emakume talde eta mugimendu feministarekin batera prozesu parte hartzaile sakona eta luzea egin genuen. Lan handia egin zuten, gune guztiak sakonki eztabaidatu zituzten eta, azkenean, aurkeztu genuen puntu kritikoen mapa hori”, gogoratu du zinegotziak. Gobernu moduan, EH Bilduk konpromiso batzuk hartu zituen, eta horren harira, bi gertaera eman direla esan dute.
Alde batetik, eragileei esan zieten udazkenean berriro bilduko ginela, prozesu horretan emandako pausoen berri emateko, eta ikusteko auzoak nola dauden eta mapa horrek zein aldaketa izan dituen. Sampedrok, ordea, salatu du ez zaiela eragileei deitu. Bestetik, “azoroko udalbatzar horretan eskatu genuen gune kritikoen inguruan informe bat egiteko, baina udal gobernuak ezezkoa eman zuen informe horren osaketan. Kezkagarria eta larria da horrelakorik egin nahi ez izatea”, nabarmendu du Sampedrok.
12.000 euro gutxiago
Aurrekontuari dagokionez, berdintasun gaietan udal gobernuak murrizketak aplikatu dituela ere salatu du. Izan ere, aurrekontu orokorrean 12.000 euro gutxiago daudela adierazi du: “Puntu kritikoen maparen sentsibilizazio kanpainarako 8.000 euro jaitsi dituzte, eta inbertsio atalean 20.000 euro jaitsi dituzte. Politiketan eta udal administrazioan atzerapauso handia suposatzen du. Emakumeen elkarteek diru gehiago behar dute”. Elkarteei eskaini dieten diru laguntza, adibidez, bikoiztu dutela esan du zinegotziak; horregatik, “diru kopuruak berdintasun politiken oreka baten bidez igo behar” direla eskatu du.