Anoetako estadioaren birmoldaketa ahalbidetuko duen Plan Berezia behin-behinean onartu dute.

Antzieta pasealekuko lanak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzordean hartutako lau erabakien berri eman du prentsaurrean: Txomin Eneako urbanizatzea, Loiolako Lorategi Hiria, etxez etxeko laguntza zerbitzua, eta Anoeta estadioaren birmoldaketa.
Txomin Eneari erreparatuz, bertako lurjabeekin egin beharreko akordioa onartu dutela esan du. Honela, otsailaren 19a baino lehen, desjabetuei 7.681.000 Trukean, errekurtsogileek atzera egingo dute eta epaitegietan zeuden prozesu guztiak bertan behera utziko dituzte, lanak hasteko bidea libre utzita. Hortaz, Txomin Enea urbanizatzeko “oztopoak” gainditu dituztela adierazi du.
2015eko ekainean onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, Loiola eta Martutene auzoetan Txomin Eneako eremurako 1.314 etxebizitza egitea aurreikusten du, horietatik 829 babes publikokoak, bai eta hirugarren sektoreko erabilerak eta ekipamendu berriak ere.
Horrez gain, Urumeako ibai parkea sortzea aurreikusten du. Donostiako udalbatzak duela gutxi onartu du 2010eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzen hastea, Txomin Eneako eremuaren gaineko epaiek eskatutakora egokitzeko. Lortutako akordioari esker, hirigune hori eraikitzeko lanak hasteko bidea ireki da. Hain zuzen ere, jadanik esleitu da eraikuntza kontratua, eta, egin beharreko izapideak egin ondoren, eraikitze lanak 2016ko lehenengo hiruhilekoan hasteko modua izango da.

Anoeta estadioa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Anoetako estadioaren birmoldaketa ahalbidetuko duen Plan Bereziaren behin-behineko onarpena ere egin dute. Modu horretan, 42.000 ikusle izango ditu estadioak; eta estadio txikia berrituko dute. Era berean, Ernest Lluch kultur etxearen handitzea egingo dute. Hilabete honetako udalbatzarrean eztabaidatuko dute azken onarpena. “Hortik aurrera, finantzazio egitura zehaztea faltako litzateke; baina, gure aurreikuspenen arabera, udalak ez du ekarpenik egingo. Zerbitzu hobeagoak eskainiko dizkie erabiltzaileei, eta hiriak azpiegitura on bat izango du, bestelako ekitaldiak ere har ditzakeena”, azpimarratu du Goiak.
Loiolako Lorategi Hiriaren hirigintza proiektuari dagokionez, behin-betiko onarpena eman diote. Hala, Loiolako kultur etxearen ingurua berrituko dute: plaza handi bat egingo dute, eta ingurutik paseatzeko aukera egongo da, besteak beste. Bertan, 261 etxebizitza eraikiko dituzte, eta horietatik %40 babes ofizialekoak izango dira. Gainera, Lorategi Hiriak Urumea Ibaiarekin, Loiolako erdigunearekin, Loiolako Erriberarekin eta Egiarekin lotura hobetuko du.
Gainera, Eneko Goiak bi kirol instalazioen berrikuntzaren helburuak gogorarazi ditu: “Estadioan 11.000 ikusle inguru gehiago sartzea eta ikuspena hobetzea; segurtasun, irisgarritasun eta ebakuazio neurriak hobetzea; Kultur etxeko eta kirol federazioen, eta Realaren bulegoetako ekipamenduak mantentzea eta hobetzea; estadio txikiko harmailak berritzea eta handitzea eta estalki osoa beste modu batera egituratzea, 850 eserleku gehiago jarrita; eta Estadio txikiko zelaia eta kanpoko pistak berritzea eta berrantolatzea, gaur egungo perimetroa egokituz, 500 metroko luzera izan dezan eta simetrikoa izan dadin”.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua Garibaldi S.L. enpresari esleitu diotela adierazi du alkateak. Kontratuak bi urteko iraupena du eta, gehienez, beste bi urtez luzatu ahal izango da. Orduaren prezioari buruz, 2016an, lan egunetan, astelehenetik larunbatera, orduko 20,608 euro ordainduko dituzte; eta, jai egunetan, orduaren prezioa %18 handiagoa izango da. 2017an, aldiz, lan egunetan, astelehenetik larunbatera, 21,470 euro ordainduko dituzte. Halaber, zerbitzuaren gehienezko aurrekontua, 2016an 8.655.439,72 eurokoa izango da, eta 2017an, 9.017.562,37 eurokoa.