Loiolako Erriberako auzo elkarteak egoitza berritua estreinatu du; elkarteko presidenteak pozik eman du albistearen berri.
Arantxa Fernandez, auzo elkartearen egoitza berrituan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Erriberako Auzokideak, halaxe izena du Loiolako Erriberako auzo elkarteak. Udalak utzitako lokala estreinatu berri dute bizilagunek, Gabriel Maria Lafitte plazako 3. zenbakian. Zehazki, udalak 2011n eman zion egoitza elkarteari, baina gaur arte biltegi moduan bakarrik erabili dute, obra egiteko baitzegoen. Egoitza berria aitzakiatzat hartuta, Arantxa Fernandez elkarteko presidentearekin bildu da IRUTXULOKO HITZA, elkartearen eta auzoaren eboluzioaren berri izateko: “2006an eman zituzten auzoko lehen etxebizitzak, babes ofizialekoak zirenak; hortik sortu zuten auzo elkartea, oinarrizko beharrei aurre egiteko. 2007 eta 2008 urteen artean bizilagun ugari ginen jada auzoan, eta 2008ko azaroan hasi zen elkartearen ibilbide berria”. Hala, Erriberako lehen bizilagun horiek, auzo sentimendua sortzen saiatu ziren, eta lortu dutela uste du Fernandezek: “
Erriberatar peto-petoak da gure leloa”.
Elkarteak mila bazkide inguru ditu, eta 90 metro koadroko lokalarekin oso pozik daude. Biharko astekarian Fernandezi egindako elkarrizketa osoa argitaratuko dugu, xehetasun guztiekin.