Gizarte sexista eraldatzeko proposamenak
10. Feministaldiak Tabakalera hartuko du, hilaren 16tik 19ra bitartean.
Feministaldiak mahai gainean jarriko ditu euren proposamenak, gizarte sexistatik aldentzen diren proposamenak: «Historikoki feminismoak diskurtso konbentzionalaren kontra egin du. Gure proposamenek ere hankaz gora jarriko dituzte konbentzioak», azaldu du Josebe Iturrioz antolatzaileak.
Hitzaldiak, mahainguruak, filmak, performanceak, DJak… Jarduera guztiek diskurtso, begirada eta praktika berriak proposatuko dituzte hurrengo asteartetik larunbatera bitartean. Emakumeen Etxean (Okendo kalean) hasiko da (hilak 15), hirian erreferente izan diren emakumeei buruzko erakusketa batekin: Donostiako emakumeak 1870-2015. El largo camino hacia la emancipación femenina. Hilaren 16an, Tabakaleran, Lorena Cabnal eta Magdalena Leon pentsalariek kapitalismoa eta generoaren arteko harremanaz hausnartuko dute. Antonio Centenoren Yes We Fuck dokumentala emango dute hilaren 17an. Aniztasun funtzionala duten gorputzei ukatutako sexualitatea azaleratzen du filmak.
Artea eta feminismoari buruzko mahaingurua, performanceak eta kontzertu bat egingo dituzte hilaren 18an. Azken egunean, emakumeak eta kartzela izango dituzte hizpide Arantza Santesteban, Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguezek; pedagogia feministaz ariko da Judit Vidiella; Euskalgintza eta feminismoari buruz hausnartuko dute Irene Arrarats, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirrek. Arraratsek euskara ere hizkuntza sexista dela erakutsiko du, ikuspegi tekniko batetik; Eskisabelek eta Agirrek euskalgintza eta feminismoari buruzko gogoeta egingo dute.
Guardetxean bukatuko da jaialdia, Erractus-en errezitaldi performatiboarekin eta Las Marines eta Mapatxe DJek girotutako festa batekin.
Egitarau osoa, Feministaldiaren webgunean.
Hamarkada bete du Plazandreok plataformak sortutako kultura feministaren jaialdiak. Aurtengo leloa #kontra da. Hain zuzen, diskurtso feminista egungo botere harremanek sortutako indarkeriaren aurkako borrokak ezaugarritzen duelako. Honen harira, oraindik ere emakume sortzaileen lana ikusarazteko oztopoak daudela salatu dute, eta