Beharrezkoa izango da gutxienez hilean lau aldiz erabiltzea edukiontzi marroiaren txartela.
Hondakin organikoa jasotzeko edukiontzi marroia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ekainetik abendura arteko datuak aztertu ditu udalak hondakin organikoen kudeaketa nola egiten den jakiteko. Eta erabilera hori kontuan hartuta zehaztu dituzte hobaria jasotzeko baldintzak ere. Hala, gutxienez
hilean lau aldiz edukiontzi marroira hondakinak botatzen dituzten familiek %15eko deskontua izango dute 2016ko zaborren fakturan.
Deskontu hauekin edukiontzi marroiaren erabilera sustatu, erabiltzaile berriak animatu, eta birziklapen tasa igotzea du helburu udal gobernuak. Ernesto Gasco alkateordearen arabera, goranzko joera mantentzen bada ere, “birziklapen tasa asko hobetu daiteke oraindik”.
Gascok azaldu duenez, gaur egun, 20.726 familiak daukate edukiontzi marroia erabiltzeko txartela, baina
13.000 inguruk erabiltzen dute soilik. Baldintzak bete, eta hobaria jasotzeko moduan, berriz, 10.000 familia daudela azaldu du Gascok. Hortaz, 125.000 euro inguru itzuliko ditu udalak.
Etxeetako sailkatzeez gain, bada hondakin organikoa bereizteko beste modurik. Gascok gogoratu du, egun 87 familiak egiten dutela auzo konposta, eta beste 616 familiak etxe konposta.
Sentsibilizazio kanpaina abian
Legegintzaldia amaitzerako biztanleriaren %60ak organikoa sailkatzea lortu nahi du udal gobernuak. Eta horretan laguntzeko,
informazio kanpaina bat jarriko dute abian,
Edukiontzi marroia, morroi izan gabe leloarekin. Hondakinen sailkapenari buruzko informazio praktikoa eta edukiontzi marroiaren onurak azaltzen dituen eskuorriak banatuko dituzte 35.000 etxebizitzatan. Oraingoan Aiete, Antigua, Altza, Larratxo, Erdialdea, Ibaeta, Intxaurrondo, Martutene eta Loiolan egingo dute banaketa, hauek baitira gutxien birziklatzen duten auzoak.
Edukiontzi marroiaren
erabilera altuena duten auzoak, berriz, honakoak dira:
Amara Berri (%35,4);
Bidebieta (%29,9);
Gros (%29,6);
Egia (%27,4); eta
Añorga (%27,3).
Alfonso Gurpegi Gune Publikoetako zinegotzi sozialistak azaldu duenez, “txartela daukanak erabiltzea, eta ez daukanak eskatzea” lortu nahi dute. Urtarrila arte iraungo du gaur abian jarri duten hasierako kanpaina honek, baina gerora ere denboran luzatuko den “sentsibilizazio lan bat” izango da. Oraingoz, eskuorriak banatzeaz gain, kartelak jarriko dituzte garraiobideetan eta iragarkiak hedabideetan. Eta urtarrilean, bestelako jarduera bereziren bat ere egingo dutela iragarri du Gurpegik.
Edukiontzi marroia erabiltzeko txartela lortu nahi duenak
Jokogarbia.donostia. eus webgunearen bidez, 010 telefonora deituta edo Udal Infoko bulegoetan eska dezake.