Islandian hil zituzten euskal baleazaleen gertakari historikoa fikzionatu du Iñaki Petxarromanek
'Berria'-ko Kazetariak 'Kearen fiordoa' eleberria aurkeztu du.
Hiru itsasontzi abiatu dira, 1615. urteko udaberrian, Donostiatik Islandiara, baleak arrantzatzeko asmoz. 84 euskal baleazale joan ziren bidaia hartan. Aurreko urteotan bezala, hango Ipar Mendebaldeko Fiordoetako magistratu Ari Magnussonekin sinatutako hitzarmen bat dute horretarako baimen. Alabaina, Danimarkako erregeak moztu egin nahi du kanpoko balezaleen jarduna, bere erresumaren monopolioa zaintze aldera, eta guztiz debekatu du edozein arrantza mota uhartean.
Egiazko gertakari historiko bat du oinarrian Iñaki Petxarroman kazetariaren Kearen fiordoa eleberriak: 1615. urtean Islandian hil zituzten euskal baleazaleen historia. Martin Villafranca donostiarra, ontzietako bateko kapitaina, istorioaren protagonista nagusietako bat da, eta haren ikuspegitik dago kontatua istorioa. Baina baita beste ikuspuntu batetik ere, irlako agintarienetik. Izan ere, Danimarkako erregeak debekatua zien atzerritarrei Islandian baleak harrapatzea, baina irlako agintari batek, Ari Magnussonek, negozio tratua egina zuen euskaldunekin. Udazkenean, ekaitz baten ondorioz ontziak hondoratu, eta harrapatuta geratu ziren euskal baleazaleak uhartean. “Tragediaren aurpegia” orduan agertuko da eleberrian. Magnussonek, bere burua arriskuan ikusi, eta euskaldunen aurka joko du; 32 arrantzale hil zituzten.