Tabakalerako terrazatik egingo diote ongietorria urte berriari
ETBk urte amaierako kanpaiak Donostiatik eskainiko ditu bi kateetan.
Barbara Goenagak eta Klaudio Landak gidatuko dute oraingoan urte amaierako programa berezia Eukal Telebistan. Agertoki gisa, berriz, Tabakalera aukeratu dute oraingoan, bertatik eskainiko baitute urte amaierako kanpaien kontakizuna, kultur arloko hainbat gonbidaturekin batera.
Tabakaleran bertan egin dute Kaixo 2016 saio bereziaren aurkezpena gaur. Bertan izan dira Eneko Goia alkatea, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia, Ane Rodriguez Tabakalerako Kultura zuzendaria, Pablo Berastegi DSS2016EUren zuzendari orokorra eta Klaudio Landa ETBko aurkezlea.
“2016ak Donostiako Kultura Hiriburutzaren argia piztuko du munduan. Horrelaxe islatu nahi izan dugu saio berezi honetan, eta argiari garrantzi handia eman diogu. Hain zuzen ere, argia gida, elementu estetiko eta elementu bisual gisa erabili dugu. Emaitza ezberdina, hunkigarria eta harrigarria izango da, eta estetika oso zaindua izango du saioak”, azaldu du Iturbek.
Tabakalerako hainbat gunetan garatuko da saioa, eta terrazan amaituko dute. Bertatik egingo dute aurkezleek urte amaierako kanpaien kontakizuna, eta gonbidatu guztiekin batera topa eginez egingo diote ongietorria urte berriari.
Kultur arloari dagokionez, gonbidatuen artean izango dira Loreak filmako kideak, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Josean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendaria. Eta beste hainbat artista ere bai: Joseba Irazoki, Giorgio Bassmatti, Nagore Etxabe, Haritz Elizegi, Javi Pez, Aritz Zabaleta eta Los Bracco, esaterako.