Dbus-eko langileek elkarretaratzea egin dute Mikel Zabalza gogoratzeko
ELA, LAB eta Kurpil sindikatuetako gidariak bildu dira Bulebarrean.
Mikel Zabalza altzatarraren gorpua Bidasoa ibaian duela 30 urte. Atxilotu eta hogei egunera aurkitu zuen Guardia Zibilak berak, aurreko egunetan Gurutze Gorriko urpekariek eta suhiltzaileek arakatutako inguruan.
Senide eta lagunek ez ezik lankideek ere hainbat protesta egin zituzten Zabalza desagertuta egon zen egunetan, eta baita ondorengo asteetan ere. 30 urte igaro ondoren, antzeko aldarrikapenei eusten diete: egia, justizia eta erreparazioa. Duela 30 urte ‘Hemen ez dago gidaria, non dago?‘ zioen kartel batekin autobus bat eduki zuten aparkatuta udaletxe ondoan. Gaur toki bera aukeratu dute Dbuseko hainbat langilek, Zabalzaren kasua gogoratzeko, udal autobus gidaria baitzen bera ere.
Roberto Carpintero eta Francisco Anton jubilatuak daude jada, baina ongi gogoan dute euren lankide izandakoa, atxilotu zuten garaiko zurrumurruak, desagertuta egon zen egunetako informazio nahasia, eta urte hauetako guztietako ahanztura. Carpinterok adierazi duenez, “lankide eta lagun bikaina zen Mikel; oso pertsona ona, ideiak argi zituena eta bere sustraietara oso errotua”.
Anton lankide izateaz gain, Zabalzaren bizilaguna ere bazen, Altzan: “Elkarrekin erosi genuen etxea, elkarrekin egiten genuen lan…kolpe latza izan zen guretzat”.
Bereziki saminez oroitzen dute Zabalza desagertuta egon zen egunetan bolo bolo zebilen informazio nahasgarria. “Mikelen koinatak ere gurekin egiten zuen lan, eta gertuko informazioa genuen, hura ibiltzen baitzen batetik bestera. Gorpua agertu baino lehen guk bagenekien hilik zela, neskalagunak berak ikusi baitzuen hilotza estalita kuartelean”, esan du Carpinterok.
Lankideen ordezkari gisa Anton bera joan zen Amarako polizia etxera, argibide bila: “Eskutitza eman nienean errespetuz hartu ninduten, baina ez genuen sekula erantzunik jaso”, esan du.
Duela 30 urte ustez desagertu zen lekuan bertan ere izan zen Anton, eta sekula ez dute bertsio ofizialik sinetsi. “Informazio nahasgarria eta gezur asko esan zituzten garai hartan”.
Urteak pasa dira, eta saminez oroitzen dute kasua: “Kaltea egina dago, inork ez du egindakoa aitortu, eta ez dugu aitortzerik espero“, onartu du Carpinterok. Dena dela, gaia bistaratzea garrantzitsua dela uste dute, eta babes osoa eskainiko diete aurrerantzean ere bai familiari eta baita Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideei ere.
Gaurko egunarekin agertu zen