Txerrikirik gabeko San Tomas jaia aldarrikatu du Askekintzak
Txerrien "hilketa masiboa" salatu du; hilaren 21ean postu beganoa jarriko du Konstituzio plazan.
San Tomas jaiaren harira egiten diren “txerri hilketa masiboak” gelditzeko eskatu du Askekintza Animalistak. Txerrikirik gabeko san Tomas jaia aldarrikatu du, eta bosgarren urtez, postu beganoa jarriko du hilaren 21ean. Konstituzio plazan ohiko txistorrari alternatiba eskainiko die herritarrei., eta txistorra begano taloak salduko ditu.
Gainera, San Tomas begano baten aldeko aldarria zabaltzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Ostiralean, txerrien zapalkuntza eta hilketaren inguruan informazioa banatuko dute Bulebarrean, Bretxa ondoan: “Eragiten dugun sufrimendu itzelaren kontzientzia piztea dugu helburu. Ezjakintasun horretatik ateratzean etorriko dira aldaketak, ez lehenago”. Helburu berarekin San Tomas egunean bertan beste ekitaldi batzuk egingo dituzte.
Askekintzak argitaratutako txostenaren arabera, Donostiako San Tomas egunean 10 tona txistorra baina gehiago kontsumituko dira aurten: “Donostian egiten den lehen txostena da, eta era guztiz independentean egina. San Tomas jaian txistorrik falta ez dadin 700-900 txerri artean hilko dira”. Konstituzio plazan ikusgai egongo den Engraxi txerria ere animalia horietako bat dela, eta hil aurretik jendeak ikusiko duen txerri bakarra dela esan dute.
Animaliak esplotatzeko “inongo beharrik” ez dagoela berretsi dute, “beganismoa guztiz osasuntsua baita”. Animaliak hiltzea ez dela zilegi defendatu dute, ezta San Tomas egunean ere: “Tradizioek ez dituzte sarraski hauek justifikatzen”.