Finalerako sarrerak ostiral arratsaldera arte egongo dira salgai 'Bertsosarrerak.eus' webgunean, eta larunbatean 15:00etan irekiko da leihatila.
Illunbeko finalean kantatuko duten bertsolariak. (Argazkia: Bertsozale Elkartea)
Larunbatean jokatuko da
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala.
Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal
Xamoa, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre dira oholtzara igoko diren bertsolariak.
Zortzi bertsolarietatik bik jokatuko dute buruz burukoa, eta bietako batek irabaziko du txapela.
Inaxi Etxabe zumaiarrak jantziko dio txapela larunbateko finaleko irabazleari. Plaza ukatu zaien bertsolari emakumeen belaunaldi oso baten ordezkari gisa izango da bertan.
Finalerako
sarrerak ostiral arratsaldera arte egongo dira salgai
www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta larunbatean 15:00etan irekiko dute leihatila, Illunben bertan. Larunbatean Illunbeko ateak 15:30ean zabalduko dira. Internetez erositako sarrera guztietan agertzen da aretora zein atetatik sartu behar den (3 edo 10A ateak). Salmenta gunetan sarrera erosi dutenek, berriz, 1. atetik sartu beharko dute. Hala ere, behin aretoan sartuta, bertsozaleek batetik bestera mugitzeko aukera izango dute eta nahi duten lekuan esertzeko ere.
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatu ahal izateko (aparkalekua, aretoan kokapena…) aurrez joango direla abisatzeko eskatu dute antolatzaileek,
gipuzkoa@bertsozale.eus helbidera idatzita.
Finala, telebistaz zein internetez
Larunbatean Illunbera joateko aukerarik ez duenak ere zuzenean jarraitu ahal izango du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. ETB4 kateak osorik emango du finala zuzenean. ETB1ek, berriz, gaueko albistegien ondoren egingo du bat Illunberekin. Internet bidez,
www.bertsoa.eus eta
www.eitb.eus atarietan ere emitutuko dute Aitzol Barandiaran eta Anjel Mari Peñagarikanok aurkeztuko duten emanaldia. Arratsaldeko 16:55ean hasiko da emisioa. Igandean, berriz,
Hitzetik Hortzera berezia prestatuko dute finaleko bertsoaldi onenekin eta txapeldunaren hitzekin. Saioa arratsaldeko 15:00etan emango dute ETB1en.