Estropada Akademikoaren harira antolatutako komunikazio eta irudi lehiaketak irabazi dituzte, hurrenez hurren
Josu Zelaiaran eta Iñigo Legorburu, euren sariekin.
Estropada Akademikoko irabazleak dira Josu Zelaiaran eta Iñigo Legorburu, arraunean egin ez duten arren. Hain zuzen ere, III. Estropada Akademikoa antolatu zuten urrian Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak arraun elkarteek, hiriko hainbat eragileren babesarekin, eta bost unibertsitateren laguntzarekin: EHU, Mondragon, Deustu eta Tecnun eta Pau et des Pays de l’Adour. Estropadaren harira, Komunikazio eta irudi lehiaketak antolatu zituzten; lehena, Errenteria-Oreretako Legorburuk irabazi du, eta argazkiaren saria, berriz, Pasai Donibaneko Zelaiaranek. Ibaetako Tecnun unibertsitatearen egoitzan jaso dituzte euren sariak, aste honetan bertan; 150 euro eta diploma bana eskuratu dituzte. Iaz ere beraiek biak izan ziren txapeldunak.
Urumean beherako gailurra da Legorbururen lanaren izena, prosan idatzitako idazlana. Bertan, arrauna bizikidetzarako tresna gisa aurkezten du, eta, aldi berean, Urumea ibaiko uraren metafora erabiliz, bizitzaren zikloa aipatzen du. Zelaiaranek, berriz, Deustuko emakumezkoen ontziari ateratako argazki bati esker irabazi du.