Amaitu da 'Loreak' filmaren amets amerikarra
“Iraun duen bitartean polita izan da baina amaitu da gure ametsa. ‘Loreak‘-ek ez du Oscarra irabaziko. Barrua hustu dugu baina ez da nahikoa izan. Eskerrik asko Akademiari eta akademikoei gugan konfidatu izanagatik, eta nola ez, zorionak hautatuak izan diren film bikainei. Eta azkenik, eta batik bat, mila mila esker zuei denoi zuen babes, sostengu eta maitasunarengatik! Hori baino sari ederragorik ez dago! Istorio berriak kontatzeko indarra eman diguzue!”. Hauxe da ‘Loreak’ filmaren lan taldeak sare sozialetan utzi duten mezua, Oscar sarietarako finalisten artean ez direla izango jakin ondoren.
Bart erabaki ditu Hollywoodeko Akademiak ingelesez besteko filmen atalean zein bederatzi film pasako diren hurrengo fasera, eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren lana hautaketa horretatik kanpo geratu da. Loreak izan da Oscar sarietarako lehian parte hartu duen euskarazko lehen filma. Espainiako Zinema Akademiak iazko uztatik aukeratu zuen, Espainiako ordezkari legez. Harrezkero, AEBetako hainbat hiritan eskaini dute filma, Oscar sarietan jarraitu ahal izateko bertan igaro behar zituen bi langak gainditzea lortzeko bidean.