Anbulatorioaz gain, auzotarrentzako zerbitzu publiko gehiago nahi dituzte Arraindegi eraikinean.
Bretxako Arraindegi eraikina. (Argazkia: Lide Ferreira)
Baliabide eta azpiegitura publikoen gabezia dutela plazaratu dute auzoko hogeita bost elkarte baino gehiagok: Parte Zaharreko auzo elkartea, Zaharrean merkatarien elkartea, Orixe ikastetxea, Alde Zaharra kirol elkartea, Kresala elkartea, Argazkilarien Elkartea, Haraino aisialde taldea… Guztien Bretxako Arraindegi eraikinean ekipamendu publikoak jartzeko eskaera egin dute.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak adierazi du datozen asteak Bretxako Arraindegi eraikinaren etorkizunean “erabakigarriak” izango direla, eta lehen pausoa Osakidetzak bertan kokatuko duen osasun zentroak izango duen azalera finkatzea izango dela. Oraindik erabaki gabe dago gainerako espazioak zertara bideratuko diren, eta joan den astean udal gobernuarekin egindako bileran, Parte Zaharreko eragile ugarik eraikin horretan ekipamendu publikoak jartzeko eskaera egin zioten.
Ez da lehen bilera izan, azken hilabeteotan udal gobernuarekin bizpahiru aldiz elkartzeaz dira, eta udaleko alderdi politiko guztiekin bildu dira gai honen inguruan hitz egiteko:
“Alderdi guztiek aitortzen dute Parte Zaharrean kirol jarduerak egiteko dagoen baliabide falta, eta azpiegitura hori Bretxako eraikin horretan kokatu ezean beste aukerarik ez litzatekeela ikusten da”.
Baliabide publiko horiek Arraindegi eraikinean egokitzearen aurka dagoen argudio nagusia ekonomikoa dela uste du elkarteak: “Batetik udaletxeak ez lukeelako kontzesio komertzial baten diru sarrera jasoko, eta bestetik, baliabide horiek egin eta mantentzearen kostua bere gain hartu beharko lukeelako”. Horregatik, mantenu txikia duten erabilera anitzeko gune eta kultur espazioak proposatu dituzte auzotarrek.
Ekipamendu publikoak Bretxan kokatuta,
gune turistiko garrantzitsua den eta bisitari ugari jasotzen dituen auzoaren zaharberritzean eta bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko bidean beste pauso bat emango litzatekeela azpimarratu dute eragileek.