Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi du añorgatarrak, aurreko bi txandatan txapeldunordea izan ostean.

Inaxi Etxabek jantzi zion txapela Beñat Gaztelumendiri. (Bertsozale.eus)
Buruz burukora Alaia Martinekin iritsi, eta
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabaztea lortu du Beñat Gaztelumendik. Bere hirugarren txapelketa zuen Añorgako bertsolariak, eta Illunben kartzelako on bat egiteko gogoz zegoela adierazi zion
IRUTXULOKO HITZAri, finalaren aurreko egunetan. Helburua lortu zuen, buruz buruko saioa iritsi zenean, bere “plaza magikoan”. Hala, Inaxi Etxabek jantzi zion Gaztelumendiri ongi merezitako txapela, 7.000 lagunen aurrean, atzo arratsaldean.
Gaztelumendi 637’5 punturekin iritsi zen buruz burukora; eta Alaia Martin, berriz, 623 punturekin. Buruz burukoan, añorgakoak 374’5 puntu gehitu zituen, eta oiartzuarrak 370 puntu. Egindako lan bikainari esker, txapela Donostian geratzea lortu zuen Gaztelumendik, 1.012 punturekin.
2008an eta 2011n ere buruz burukora iristea lortu zuen Gaztelumendik, 20 eta 24 urterekin, hurrenez hurren. Urte horietan, ordea, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi izan ziren txapeldunak, hurrenkera horretan.
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2015. PUNTUAZIOA.
- Beñat Gaztelumendi Arandia 1012
- Alaia Martin Etxebeste 993
- Agin Laburu Rezola 614,5
- Iñaki Apalategi Astigarraga 603,5
- Unai Agirre Goia 595,5
- Oihana Iguaran Barandiaran 594
- Jon Maia Soria 586
- Arkaitz Oiartzabal Agirre “Xamoa” 571,5
Txapeldunaren agurra
Mila esker Iker Alustizari
Esoain ta Sukiari
Eizagirretar bixkiei eta
Hernaniko kuadrillari.
Ume beldurti hau jartzearren
erratz batetik kantari
zuek bezela bertso-eskoletan
ari da jende ugari.
Konpromisoa eta jolasa
hitza direnez gauza bi
bertso-eskolaz bertso-eskola
belaunaldiz belaunaldi.
Hau zuentzat da zeratelako
ahots ematen ari
isilik egon behar zuela
esaten ziotenari