Eneko Goia alkatea eta Ernesto Gasco PSE-EEko udal taldeko burua. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Hauteskundeak egin eta hilabetera, EAJk eta PSE-EEk udal gobernu bateratua osatuko zutela iragarri zuten, eta udaletxean izenpetu zuten koalizio gobernua osatzeko ituna. Eneko Goia alkatea eta Ernesto Gasco PSE-EEko udal taldeko burua pozik agertu ziren akordioa lortu zutelako, eta “berri oso on bat” dela adierazi zuten.
Akordio honen bidez egonkortasuna lortuko zutelakoan zegoen Goia: “Hiritarrak ordezkatzen ditugun bi talde nagusion arteko adostasunak babesa emango dio akordio honi. Donostiarren %54aren ordezkaritza dugun zinegotzien babesa izango du”.
Hiriari dagozkion proiektu estrategikoak aurrera ateratzeko konpromisoak,udal gobernuaren osaketa eta arlo desberdinen banaketa adostu zuten EAJk eta PSE-EEk.
Ernesto Gasco PSE-EEko udal taldeko burua alkateorde izendatu zuten, eta haren ardura dira ekonomia, merkataritza, ostalaritza eta turismoa. Horiez gain,
PSE-EEk hartu zituen auzo, berdintasun, etxebizitza, ingurumen eta espazio publikoen ardura. Guztira, PSEko bost zinegotzik hartzen dute parte gobernuan.
EAJko zinegotziek bete dituzte Donostia 2016, kultura, euskara, hezkuntza, giza baliabide, ogasun, mugikortasun, kirol eta segurtasun arloak.
Lau ardatzeko programa
Lau ardatzeko gobernu programa izenpetu zuten: enpleguaren sorrera, gizarte kohesioa, gobernantza berri bat eta kultura aniztasuna. Puntu horiek oinarri hartuta, hiriarentzat “lehentasunezkoak” diren proiektuak bultzatzeko akordioak egingo zituztela aurreratu zuten:
Donostia 2016,
Tabakalera,
bertako ekonomia suspertzeko plana,
Sagues eta Monpaseko pasabidea,
Donostialdeko Metroa eta
Karlos I.aren etorbideko zubibidea desagertzea dira
Donostiaren Aldeko Hitzarmenean jasotzen diren puntuetako batzuk.
Loiolako kuarteletako lur eremua berreskuratzeko negoziazioak hasiko zituztela Espainiako Defentsa Ministerioarekin, hiri garbi eta zaindu baterako plana egingo zutela, eta
hiritar guztientzako plan ‘solidario, inklusibo eta adinartekoa’ egingo zutela.
Altzako barrutia abian jartzea adostuko zutela, eta aldi berean,
Igeldoko Udal Auzoaren aldeko apustua egingo zutela.