Kortxoenea gaztetxea bota dute
Eraikina desagertu arren, proiektuak aurrera egingo duela adierazi dute.
Bi hilabeteko erresistentzia dinamika abian jarri zuten (ikus irudi bilduma).
Azaroaren 3an hondeamakinak itzuli ziren gaztetxera. Lurzoruaren jabe den enpresako beharginak beltzez jantzita eta aurpegia estalita sartu ziren gaztetxean, eta barruan zeuden kideak kanporatu zituzten. Ertzaintzak indarkeria handiz egin zuen eraistearen aurka protesta egin zuten pertsonen aurka.
Handik hamar egunera, epaileak eraiste lanak gelditzeko agindu zuen behin behinean, badaezpadako neurri gisa. Epaileak susmoa zuen eraikinaren jabeak ez zuela gaztetxea husteko zegokion agindua. Berandu iritsi zen, ordea, gaztetxea jada arrasto bihurtuta baitzegoen.
Kortxoenea eraitsita, Zemoria kaleko 20. zenbakiko eraikina dute jomugan. Ekainean hutsik geratuko da, eta hainbat eragileri zabaltzeko aukera ezinhobea dela uste dute. Prozesu parte hartzaile bat abiatu dute, eta eragile guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera: “Erreferentea izan daitekeen espazio autogestionatu bihur daiteke”.
Itsas Gain zentro sozial okupatua ere desagertu egin da aurten. Aldapeta kaleko 62. zenbakiko eraikina utzi behar izan zuten: «Bizitzarik gabe geratuko da berriro, jabeek diru laguntza publiko bat lortu arte, etxea eraisteko eta luxuzko etxe berriak eraikitzeko».
Antiguako Txantxarreka gaztetxea, berriz, mehatxupean da. Kortxoeneari elkartasuna adieraztearekin batera, ez baitu agintari politiko berrien kontrol-baldintza gehigarririk onartu. Gainera, azken aldian lapurretak eta baimen gabeko sartzeak izan direla salatu dute: “modu bortitzean eta izkutuan emandakoak, kalte materialak eraginez eta dirua eta materiala lapurtuaz. Badirudi eraso hauen atzean, modu batean edo bestean, gaztetxea bera desegonkortzeko nahia dagoela”.
Kortxoeneari buruzko albiste bilduma osoa hemen.
Irailaren 4an egin zuten Groseko Kortxoenea gaztetxea botatzeko lehen saiakera. Hondemakinak eta eraikuntza enpresako langileak joan ziren Kortxoenea botatzeko asmoz, baina eraisteko baimenik gabe. Ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten lanak. Donostiako Udalak, bere aldetik, jakinarazi zuen aurreko legealdian onartu zuela udalak gaztetxea dagoen eremuan aparkalekuak egiteko proiektua, nahiz eta eraikina botatzeko baimena Eneko Goiaren taldeak eman duen.
Autogestionatutako proiektuak babes zabala jaso zuen, eta lehen saiakeraz geroztik Kortxoenea defendatzeko hamaika jarduera egin zituzten. Donostia Kultura eta Donostia 2016ko langile batzuek ere elkartasuna adierazi zieten Kortxoeneako kideei.