Auzoz auzo bilera informatiboak egin ondoren, metroa gelditzeko eskatzeko lehen manifestazioa egin dute.
Irutxuloko Hitza
Metroaren aurkako manifestazioa. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Donostialdeko Metroa ez dela beharrezkoa aldarrikatu, eta proiektua gelditzeko eskatu dute. Abenduan atera ziren kalera lehen aldiz, eta manifestazio jendetsua egin zuten Easo plazatik Bulebarrera. Sator Alaia kolektiboak deitu zuen protestara, eta bi mila lagun inguru elkartu ziren manifestazioan.
Agintariei – Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari- eskatu diete garraio publikoari buruzko prozesu ireki eta parte hartzaile bat hasteko, eta metroaren proiektuaren gardentasun eza salatu dute: “Proiektu honen ezaugarri nagusia opakotasuna izan da. Ez dugu inolako informaziorik jaso, eta metroaren lanek kaltetuko dituzten bizilagunei ez diete arriskuez ohartarazi”, adierazi dute manifestazioaren bukaeran. Metroari buruzko informazio zehatz eta osoena Sator Alaia plataformak eman duela esan dute: “Gu izan gara bizilagunen kezkak argitu eta informazioa eman dugun bakarrak”. Informatuak egoteko eskubidea dutela aldarrikatu dute.
200 milioi eurotik gorakoa kostua izango duela gogorarazi, eta diru hau bestelako zerbitzu sozialetara bideratzeko eskatu dute. Metroaren aurkako sinbolo bihurtu den satorrak daraman leloa berretsi dute: “Donostia maite dugulako, metroari ez”. Metroaren aurkako mobilizazioek aurrera jarraituko dutela aurreratu dute: “Hau ez da amaiera, hasiera baizik. Denon artean gai izango gara beharrezkoa ez den proiektua geldiarazteko”.
Kezkatuta daude metroaren proiektuarekin, eta Donostia behera etorriko dela salatu dute hainbat bizilagunek: “Etxe askok ez dute zutik iraungo, aurreikusita dituzten lur irekidurak eginez gero. Ni prest nago atez ate joateko, auzotarrei arazoaren larritasunaz ohartarazteko”, esan du Arrasate kaleko bizilagun batek. Mikel Alvarezen esanetan, “16.000 biztanle inguruko gune batean egin nahi dute Metroa, oinez hamar minututan zeharkatu daitekeen ingurune batean. Erdialdean egokitu nahi dute, bai ala bai”. Kontxako hondartzaren azpian 300 metroko ibilbidea egitea aurreikusia dutela zehaztu du, eta lurperatuko duten zatiaren inguruan 311 etxebizitza daudela nabarmendu du. Proiektuak gutxienez 1.160 milioi euroko kostua izango lukeela erantsi du; “Superportua, kanpoko saihesbidea eta Abiadura Handiko Trenarekin batera, aurreikusita dituzten lau azpiegitura erraldoien artean dago Metroa”.
Azken bideoak
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea