Añorgatarrak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi du, buruz burukoan Alaia Martinekin aritu ondoren.

Beñat Gaztelumendi, finaleko azken agurra kantatzen. (Bertsozale.eus)
Bitan txapeldunorde izan ondoren, Gipuzkoako txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik (Añorga, 1987) abenduaren 19an.
“Bertso bakoitzeko puntu bakoitzeko hitz bakoitza borrokatuko dut”, adierazi zion IRUTXULOKO HITZAri finalaren atarian, eta hala egin zuen añorgatarrak. “Luze” egin zitzaion saioa Gaztelumendiri, sufritu zuen: “Finala xake partida bat bezalakoa izan da: tentsioari gehien eusten dionak irabazten du detaile horietan”, adierazi zion finalaren biharamunean Berria egunkariari.
Inaxi Etxaberen (Zumaia, 1933) eskutik jaso zuen txapela Gaztelumendik, “plaza ukatu zitzaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa”. Garaiko bertsolari emakumeen moduan, bertso jarduera ezin izan zuen plazetara eraman, gizonezkoen eremua baitzen. Urte asko pasako ziren Etxabe plazan kantatzeko aukera izan arte.
Aurtengo txapelketan belaunaldi bereko bi bertsolarik jokatu dute buruz burukoa, 1987an jaiotakoak biak, Gaztelumendik eta Alaia Martinek. bertsotan gainontzekoen gainetik aritu ziren biak.