Bagera Elkarteak Hernani kalean du orain bulegoa
Aietetik Erdialdera jauzi egin du Bagerak aurten, egoitza berria baitu Hernani kalean. Bagerari eta bide batez euskararen normalizazioari bultzada bat ematea da helburua.
Hirian euskarari beste bultzada bat emateko asmoz, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bat egin dute. Izan ere, aldundiak Erdialdeko Hernani kaleko 15. zenbakian duen bulegoa udalari utzi dio, honek euskararen normalizazioaren zerbitzura jar dezan. Bada, lagapenaren bidez eta Bagera elkartearekin sinatutako hitzarmenari esker, udalak hamar urtez utziko dio bulego berria.
Orain arteko egoitzan, Puioko Katalina Eleizegi kalean, donostiarrengandik aparte egon direla esan zuen elkarteko presidente Dani Goñik, eta Bagerako kideek hori “sufritu” izan dutela. Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak hainbat jarduera jartzen ditu martxan urtero. “Adibidez, mintzalagunaren egitasmoa burutzen dugunean kideak elkartzeko zailtasun handiak izan ditugu Puioko egoitzan. Beraz, horiengana errazago iristea ahalbidetuko digu eta zerbitzu horiek askoz erosoago egitea”, azaldu du Bagerako Aitziber Gurutzeagak. Bada, Donostiako euskalgintzari zuzendutako erreferentziazko leku bilakatuko dela uste du. Bagerak martxoaren 25ean egin zuen inaugurazio ekitaldia.