Haren auziari buruzko 'Objektu galduak' dokumentala abian jarri dute, eta Altzan Mikel Zabalza Herri Ekimena sortu dute.
Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak, udalbatzarrean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Ez dute ahaztu nahi 1985eko azaroaren 26an gertatutakoa.
Mikel Zabalza bizirik ikusi zuten azken eguna izan zen hura. Guardia Zibilak atxilotu egin zuen, eta bere gorpua hogei egun ondoren agertu zen, Endarlatsa inguruan, tortura zantzuekin. Bere bikotekidea, bere lehengusu bat eta bi lagun ere atxilotu zituzten egun berean, eta guztiek salatu zituzten tortura bortitzak.
Intxaurrondoko kuartelean egon zirenek torturak jasan izana eta Mikelen oihu larriak entzun zituztela salatu zuten. Hala nola, poliziek urduri “oso larri dago, joan egingo da” esaten zuten bitartean, esku-ohe batean etzanda estalitako gorpu bat ikusi zutela baieztatu zuten.
30 urte igaro dira Mikel Zabalzaren gorpua agertu zenetik, eta orandik kasua argitu gabe dago. Altzan bizi zen Zabalza -jaiotzez orbaitzetarra zen- eta bertan zuen etxebizitzan atxilotu zuten. Haren senide, bizilagun eta lagunek ez dute gertatutakoa ahaztu, eta lanean jarraitu dute bertsio ofiziala desegiteko.
Oraindik indarrean dagoen bertsio ofizialaren arabera,
Guardia Zibilak Endarlatsara eraman zuen, zulo baten bila. Tunel baten barruan zegoela, horman zegoen zulo txiki batetik ihes eginda, Bidasoa ibaira salto eginda itota hil zen. Zabalzak esku burdinak jarrita zeuzkan une horretan, eta 3 guardi zibilek inguratuta zegoen. Ez zekien igeri egiten.
Gurutze Gorriaren urpekariek Bidasoa ibaia miatu zuen goitik behera, baina ez zuten ezer aurkitu. Atxilotu eta hogei egun geroago, abenduaren 15ean Guardia Zibilak aurkitu zuen bere gorpua Bidasoa ibaian.
Nafarroan kasuari buruzko dokumental bat egiteko proiektua sustatzen ari dira. Bere heriotza gogoratzearekin batera, torturari berari buruzko hausnarketa izan nahi du
Objektu galduak izeneko dokumentalak.
Donostian egin zuten proiektuaren aurkezpena, eta babes handia izan zuen.
Altzan
urtero hura gogoratzeko ekitaldi bat egin ohi dute. Aurten, ordea, memoria baino gehiago aldarrikatuko dute. Haren desagertzearen 30. urtemugan, aitortza eta erreparazioaren alde lan egingo duen taldea sortu dute:
Mikel Zabalza Herri Ekimena.
Zabalza Donostiako autobus konpainiako langilea zen, eta
Dbuseko langileek ere justizia aldarrikatu dute. Haren lankide izan zirenen lekukotzak jaso zituen Irutxuloko Hitzak.
Donostiako Udalak ere Mikel Zabalzaren kasua argitzeko konpromisoa hartu du, udalbatzarrean auzia argitzeko mozio batek aurrera egin baitzuen EH Bildu, EAJ eta Irabazi Donostia-ren aldeko botoengatik.
Mikel Zabalzaren heriotzaren 30. urtemugaren harira argitaratu ditugun albiste eta multimedia artxibo guztien bilduma ikus dezakezu hemen.