Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen elkartea ez dago ados aldundiak ezarri duen 2016ko aurrekontuarekin.
Jubilatu eta pentsiodunen elkarretaratzea, Askatasunaren hiribidean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gipuzkoako Foru Aldundian EAJk eta PSE-EEk adostutako
2016rako aurrekontuaren harira,
Duintasuna elkarteko
jubilatu eta pentsiodunek euren haserrea adierazi dute gaur goizean. Izan ere, gizarte politiketan kopurua murriztu dutela salatzeko
elkarretaratzea egin dute, Askatasunaren hiribidean.
Elkartearen arabera, aurrekontu berriarekin
politika sozialei eskainitako kopurua %48tik %46,7ra jaitsiko da: “Honek esan nahi du 10 milioi euro gutxiago erabiliko dituztela”. Hala, jaitsierak mota guztietako pertsonak kaltetuko dituztela diote:
zaharrak, menpekotasuna dutenak, gaitasungabekoen kolektiboak eta gaixotasun mentalak dituztenak, besteak beste.
Modu horretan, horientzat guztientzat izango dituen ondorio batzuk zerrendatu ditu Duintasuna elkarteak:
- “Nahiz eta itxarote zerrenda sei hilabete ingurukoa izan, Zaharren Egoitzetara eta Eguneko Zentroetara zuzendutako aurrekontua 160.000 euro jaitsiko da”.
- “Kabia Plana edo hamasei zahar etxe gehitzearen proiektua ez da beteko, eta aldundia ez du plan horren baitan dauden zahar etxeen galeren ardura hartuko”.
- “Zein kopuru erabiliko dituzte zaharrak, menpekotasuna dutenak eta bestelakoek eskatutako dirulaguntzak ordaintzeko?”
Horregatik,
murrizketa horiek gizarte ongizatean atzerapausoa suposatzen dutela uste dute: “Biztanleriaren zahartzea dela eta, beharrak handiagoak dira; baina, hori jakinda ere, aurrekontuen kopuruak gutxitu egiten dituzte. Bildutako dirua pertsonei zuzenduta egon beharko luke, gure lurraldeko jende apal eta umilaren egoera hobetzeko”.