The Police, Janis Joplin eta The Jam-i buruzko dokumentalak ekarriko ditu 9. Dock of The Bay jaialdiak
Hilaren 9an hasi eta 16an bukatuko da musikari buruzko film dokumentalen programa.
Mavis Staples, Nina Simone, Janis Joplin, The Jam, The Police… Urtarrilaren 9tik 16ra bitarte musikari buruzko hamabost film dokumental proiektatuko ditu 9. Dock of The Bay jaialdiak. Kontzertuak ere antolatuko dituzte, Elliot Murphyrena, besteak beste. Gainera, David Trueba Fran Nixon-i buruz egin duen filma aurkeztera etorriko da.
Urteko film dokumental onenen uzta jasotzen du Dock of the Bay jaialdiak, eta Donostiara ekartzen ditu musikari buruzko harribitxiak. Musika talde eta konpositore zehatz bati buruzko filmez gain, musikarekin lotutako beste hainbat gai eramango ditu pantaila handira jaialdiak.
Sonido Pamplona filmak Iruñeko musika eszena aztertuko du, eta Iruñea Sound existitzen den erantzuten saiatuko da: El columpio Asesino, Kokoshka, Tremenda Trementina eta Muy Fellini agertzen dira dokumentalean, besteak beste. Cool Cats filmak Ben Wester eta Dexter Gordon jazz musikariek 60ko hamarkadako Kopenhaguen bizitako esperientzia islatuko du. Cambodia’s Lost Rock and Roll filmean 60ko eta 70eko rock and roll kanbodiarra erakutsiko diote publikoari. B-Movie: Lust & Sound in West-Berlin 1979-1989 filma, berriz, Berlingo harresia bota aurreko musika eszenaz ariko da.
60ko urteetan New Yorken arrakasta izugarria izan zuen boogaloo musikari buruzko film bat ere proiektatuko dute: We Like It Like That: The Story of Latin Boogaloo. Mavis Staples gospel eta soul musikaren divari buruzko Mavis! eta 1997an, Elvis Presleyren heriotzaren ondoren sortutako emulatzaile bati buruzko Orion dokumentala.
Sarrera guztiak 7 eurotan daude salgai. Asteburuko emanaldiak Antzoki Zaharrean egingo dituzte, eta besteak – astelehenetik ostiralera- Trueba zinema aretoan.