Joseba B. Lenoir Gang, Arkada Social eta Tajon Prieto taldeek Antiguako jaietan joko dute
Hilaren 16an Antiguako frontoian ariko dira zuzenean, 22:00etan.
Laster osatuko dute Antiguako San Sebastian jaien egitarau osoa, baina jada aurrerapen bat eman dute: Joseba B. Lenoir Gang, Arkada Social eta Tajon Prieto taldeak zuzenean ariko dira Antiguako frontoian hilaren 16an (22:00). Rock doinuen erritmoan dantzan jarriko ditu antiguatarrak Joseba B. Lenoir-en boskoteak; punk doinuekin gozaraziko ditu Arrasateko Arcada Social taldeak, eta Tajon Prietok parrandan murgilaraziko ditu festazale guztiak.
Antiguako jaien lehen ekitaldia igandean (hilaren 10ean) egingo dute. Hondartzako zaldi lasterketa egingo dute hamargarren urtez Ondarretan. Auzoan ospatzen diren sansebastianak iragartzen ditu zaldi lasterketak, eta ikusmin handia piztu ohi du. Ikusle andana joaten da zaldi gaineko ikuskizuna ikustera. Zaldi proba ez ezik, zaldi eta pony erakustaldia ere egiten dute. Goizean, 11:00etatik aurrera hasiko da.



