30 urte bete dira Guardia Zibilak Bakartxo Arzelus, Alejandro Auzmendi eta Luis Maria Zabaleta donostiarrak hil zituenetik, Pasai Antxo eta Donostia arteko mugan, A-8 autobidearen alboan.

Autobidearen tarte honetan izan zen 1986ko gertakaria. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Mikel Zabalza altzatarraren heriotzaren 30. urtemuga gogora ekarri zuten haren senideek eta lagunek 2015eko abenduan. Hainbat jarduera eta aldarrikapen gauzatu zituzten, egia eta justizia eskatzeko.
Bada, 2016ko urtarrilean ere 30 urte beteko dira Bakartxo Arzelus, Alejandro Auzmendi Satxa eta Luis Maria Zabaleta donostiarrak hil zituztenetik, oso egoera ilunean ere. Zabalzarekin gertatu bezala, bertsio ofizialak zalantza asko utzi zituen, oraindik argitu ez dituztenak.
1986. urteko urtarrilaren 15ean gertatu zen, 22:00ak aldera, Pasai Antxo eta Donostia arteko mugan; Artxipi eta Txurdiñene baserri bideak lotzen dituen zubiaren inguruan. Errepide estuak dira hauek, eta A-8 autobidea ondo-ondotik igarotzen da. Gaur egun hiru errail ditu autobideak puntu honetan, eta GI-20 errepidearen 3. kilometroan dago gertaeraren lekua, Intxaurrondoko sarbidetik kilometro batera. Orduko errepide zenbakeraren arabera, Behobia-Bilbo autobidearen 16. kilometroaren mailan zegoen.
Bide bazterrean omen zeuden ETAko kide Arzelus, Auzmendi eta Zabaleta Guardia Zibilak topatu zituenean, ustez, Frantziako interesen aurkako eraso bat egin eta gero; minutu batzuk lehenago, autobidetik igarotako kamioi bat metrailatu zutela esan zuen poliziak.
Bertsio ofizialaren arabera, Seat 850 zuri bat autobidearen azpiko zubian utzi zuten ETAko kideek, eta baserri bidea eta autobidearen arteko lubetan zeuden armekin, ezustean harrapatu zituztenean. Agenteek tiroei erantzun behar izan zietela adierazi zuen Guardia Zibilak, eta, ondorioz, hiru donostiarrak hil.
Autopsiak, baina, kontraesanak utzi zituen agerian. Hilotzek buruan zuten zauria, horietako bik kopetan; Arzelusen kasuan, zentrimetro gutxira egindako tiro batek eraginda. Gainera, lekura bertaratutako zenbaitek ez zuten metrailatutako kamioia ikusi, ezta Guardia Zibilak konfiskatu omen zituen armak ere; hiru gorpuak besterik ez zeuden, autobidearen hesiaren kontra.
Kamioilaria geroago jarri zuen salaketa, Biriatun, eta kamioiak tiro aztarnak zituela orduan egiaztatu zuen Guardia Zibilak.
Hildako donostiarren senideek, Aministiaren Aldeko Mugimenduak eta Herri Batasunak agerraldi bat egin zuten biharamunean, bertsio ofiziala «sinestezina» zela salatzeko: «Ez dugu sinesten liskarrik, tiroketarik, egon zenik».
Lehenik eta behin, ETAko kideei leporatutako erasoa zalantzan jarri zuten: «Kamioiak dituen tiro aztarnak edonork eragin zitzakeen». Ondoren, liskarra baino, «muntaia» izan zela nabarmendu zuten: «Bitxia da poliziek, gaur goizean, kartxutegi bat aurkitu izana hildako baten poltsikoan, autopsia egiteko prest zirenean Polloen». Guardia Zibilaren bertsioak «inork ez dituela sinesten Euskal Herrian» erantsi zuten, eta Mikel Zabalzaren kasua ekarri zuten gogora. Altzatarraren gorpua hilabete lehenago aurkitu zuten Bidasoa ibaian.
Honen harira, Egin egunkariaren azalean jasotakoaren arabera, gertaeraren lekuan bildutako polizien artean, Zabalza Endarlatsara eraman omen zuen Guardia Zibileko tenientea zegoen.
Agerraldian, senideek salatu zuten ez zutela inongo jakinarazpen ofizialik jaso, eta gertaera izan eta ordu gutxira, Guardia Zibila goizaldean etxera joan zitzaienean, orduan ere inork ez ziela euren senideak hilik zeudela esan adierazi zuten. Auzmendi sendiaren etxera gauerdi aldera joan zen Guardia Zibila, haren semearen logela miatzeko. Alejandro Auzmendi non zegoen galdetzen ibili ziren, bi ordu lehenago hil zutenean.
Guardia Zibila joan bezain pronto, Auzmendi familia albisteen bitartez izan zuen A-8 autobidean gertatutakoaren berri, eta zenbait komunikabideetara deitu zuen hildakoak zeintzuk ziren jakiteko. Egin egunkarikoek ez zutela jakinarazpenik erantzun zieten auzmenditarrei, baina gorpuen argazkiak bazituztela esan zieten. Goizaldeko hiruak aldera, argazki horietako baten bidez, semea identifikatu zuen Alejandro Auzmendiren amak, malkoen artean: «Behintzat, ez dute Mikel Zabalza bezala hil», esan zuen.
1981eko aurrekaria
Behobia-Bilbo autobidean argitu gabe dagoen beste «segada bat» gertatu zen 1981eko urriaren 21ean; Pasaia eta Donostia arteko mugan hau ere, 1986. urteko gertakaria izan zen lekutik oso gertu.
Guardia Zibilak Josetxo Jauregi ibartarra eta Jose Andres Izagirre Gogor zornotzarra hil zituen kasu horretan, antzeko bertsio ofiziala erabilita: biek agenteei egin zietela eraso, eta guardia zibilek hanketara egin zietela tiro lehenik eta, erasoak jarraipena izan zuenez, gorputzara ondoren.
Miguel Castell abokatuak eraman zuen auzia, bertsio ofiziala hankaz gora uzteko arrazoiak zeudela sinetsita. Lekuan bertan ez zuten armarik ezta zorrorik aurkitu; gorpuak eraman zituzteneko txostenean ez zuten aipatu.
Urte eta erdi geroago, Guardia Zibilak hiru zorro aurkeztu zituen, egun horretan jaso zituela esanez.
Epaileak ez zuen armarik aurkitu, esan bezala, baina Guardia Zibilak egindako argazkietan, hildako batek pistola bat zuen eskuan: «Hilotz baten eskuan jarritako arma bat da», ziurtatu zuen Castellek. Gainera, gorpu horrek, Jose Andres Izagirrerenak, bizkarretik jaso zituen heriotza eragin zioten bi tiroak.
Azkenean, Guardia Zibilaren bertsioa ontzat emanda, ez zuten ikerketa edo auzibiderik zabaldu.
Herri, kultur eta gizarte mugimenduetan aritutakoak
ETAk Bakartxo Arzelus, Alejandro Auzmendi eta Luis Maria Zabaleta erakunde armatuko kideak zirela berretsi zuen, gertaera gertatu eta ordu batzuk geroago bidalitako agiri baten bitartez.
Hiruak herri, kultur eta gizarte mugimenduetan aritutakoak ziren. Ezagunak ziren Donostian.
Bakartxo Arzelus Egia auzokoa zen, eta 25 urte zituen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduan ibilia zen urte batzuk lehenago, eta hamabi urtez administrazio lanetan aritu zen Ebro-Nissan etxeko kontzesionario batean. Grosen ikusi zuten bizirik azken aldiz bere lagunek eta senideek, urtarrilaren 15ean bertan, 18:00etan; handik lau ordura hil zuten.
Alejandro Auzmendi Antiguakoa zen, eta 28 urte zituen. Bere familia oso errotuta zegoen auzoan, ama eta amona bertakoak baitziren. Auzmendik eguneroko bizitza Amara Zaharrean egiten zuen bereziki, eta Haritza elkarteko bazkidea zen. Hirugarren mailako ofiziala zen Agirreizmendi iturgin enpresan. Bertan lan egin zuen 1973. urteaz geroztik.
Kirolzalea ere bazen, eta bizikletan ibili ohi zen. Hainbat martxa ekologistetan hartu zuen parte.
Politikan, EGAM gazte taldean aritua zen antiguatarra, baita Amarako Ezker Abertzaleko Asanbladan ere. Herri Batasuna alderdia sortu aurretik, amnistiaren aldeko batzordeetan hartu zuen parte.
Easo plazan ikusi zuten azken aldiz, urtarrilaren 15ean ere, 20:00etan. Bizikleta giltzarrapoarekin lotu, eta Parte Zaharrera trago batzuk hartzera zihoala esan zien lagunei.
Luis Maria Zabaleta Legazpikoa zen jaiotzez, baina Parte Zaharrean bizi zen. 26 urte zituen. Sebastopoleko Titiriteroak taldean aritu zen urte eta erdiz, tronpeta jotzen zuen eta akrobazia erakustaldiak egin ohi zituen.
Grebak erabateko jarraipena izan zuen Egian eta Antiguan
Hiru donostiarren heriotzen harira, hainbat mobilizazio egin zituzten hirian. Auzmendi eta Zabaletaren hileta elizkizunak batera egin zituzten urtarrilaren 17ko arratsaldean, Parte Zaharreko Santa Maria elizan; Bakartxo Arzelusena, ordea, Egiako San Francisco elizan egin zuten, haren aitak debekatu baitzuen beste bi donostiarren omenezkoarekin batera egitea. Ezker abertzaleari sufrimendua politizatzea leporatu zion, aldi berean. Goizean, liskarrak sortu ziren Polloeko hilerrian egindako ehorzketan, aitak omenaldia ukatu zuelako.
Dena den, Santa Mariako elizkizunean, apaizak hildako hiru donostiarrak aipatu zituen bere agerraldian, Arzelus ere. Hain zuzen ere, elizatik irten eta gero, bost mila herritarrek manifestazio bati ekin zioten, elizaren eskaileretan bertan Eusko Gudariak abestu eta gero.
Hori ez zen izan egun horietan egindako protesta bakarra, ezta gutxiagorik ere. Egun horretan bertan, urtarrilaren 17an, greba orokorra egin zuten Donostian, Herri Batasunak, KASek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta. Antiguan eta Egian erabateko jarraipena izan zuen grebak, eta beste auzo batzuetan ere babes handia lortu zuen; Loiola, Amara Zaharra, Parte Zaharra eta Bidebietan, kasu.
Donostiako orduko alkate Ramon Labaien jeltzaleak Herri Batasunak egindako eskaerari baiezkoa eman eta udalbatzarra bertan behera utzi zuen.
Kalean liskarrak egon ziren, protestan ari zirenen eta poliziaren artean. Azken hauek gomazko pilotak jaurti zituzten.
Antiguako jai batzordeak, aho batez, auzoko San Sebastian festak bertan behera uztea erabaki zuen, urtarrilaren 17, 18 eta 19rako aurreikusitako jarduerei dagokienez. San Sebastian egunean danborradak bakarrik irten ziren kalera. Beste jai jarduerarik ez zuten egin.
Konstituzio plazan, San Sebastian egunean jarritako oholtzan, hiru donostiarren omenezko pankarta zabaldu zuten.