Uliako Gimnastikak nazioarteko lasterketa antolatu du berriro. Puntako korrikalariek eta adin guztietako herritarrek bat egingo dute, Groseko kaleetan.

Iazko lasterketako irudia. (Argazkia: Uliako Gimnastika)
Erregeak opariak utzi eta hiritik joan baziren ere, euren arrastoak jarraituko du. Izan ere, badator aurten ere 86. Erregetako Krosa. Uliako Gimnastikak antolatzen du urtero nazioarteko lasterketa, eta, krisi ekonomikoak gogor jo zion arren, beste urte batez pozik aurkeztu zuten lehia, babesle berri batekin: Sabadell bankua. Profesionalei zuzendutako lasterketa gisa jaio zen, baina duela sei urte aldatu egin zuten, korrikalari zaletuei ere bertan parte hartzeko aukera zabalduz. «Pixkanaka partaidetza goruntz doa», aipatu zuen Gimnastikako presidente Alberto Cifuentesek, aurkezpenean. Igandean bertan izango da proba, urtarrilaren 10ean, goizez. Lehia nagusia 10 kilometrokoa, 12:15ean izango da; horren aurretik, gainontzeko mailetako lasterketa txikiagoak jokatuko dituzte, 9:45ean hasita.
Hain zuzen ere, alebin mailako korrikalariak izango dira elastikoa izerdituko duten lehenak, 1.560 metroko ibilbidea eginez. Ondoren, honakoen txanda izango da: Haur mailakoak (10:00etan/2.215 metro), emakume kadete eta jubenilak (10:20/3.120 m.), gizonezko kadete eta jubenilak (10:45/3.775 m.), gizonezko juniorrak eta korrikalari herrikoiak (11:30/5.275 m.).
Lasterketaren zirkuituak Groseko kaleak igaroko ditu, baina ibilbidea moldatu egin dute, Sagueseko kurbak kenduz, partaideek hala eskatuta. Orain, irteera eta helmuga leku berean izango ditu lasterketa nagusiak, Kursaal inguruko gasolindegi txikiaren parean; eta Sagues aldera hasiko dira korrika partaideak, zirkuitua osatuz. Bost kilometroko lasterketa, berriz, People tabernaren paretik irtengo da, eta Kursaal aldera abiatuko dira korrikalariak. Lasterketa labur horretan, emakumeak izaten dira ia gehienak.
Aurreko urteetan egin duten moduan, probaren egunean bertan emango dute izena federatutako eliteko seniorrek eta jubenil mailakoek. Haur eta kadete mailetako korrikalariek doan parte hartzeko aukera izango dute.
Azkenik, Kirolprobak webgunearen bidez egin beharko dute izen ematea gainontzekoek: Junior, senior, beterano federatuak eta 16 urtetatik gorako korrikalariak.
Zehazki, 15 euro ordaindu beharko dituzte partaideek, eta aukera izango dute diru horretatik euro bat Dravet-eko Sindrome Fundazioarentzat bideratzeko. Izen ematea larunbata arte egongo da zabalik, antolatzaileen esanetan, askok azken egunean eman ohi dutelako izena.
Guerra, Cuevas, Oubaddi…
Eliteko lehiakideei dagokienez, honakoek parte hartuko dute igandeko lasterketan: Javier Guerra (Espainia), Asier Cuevas (Eibar), Roberto Alaiz (Espainia), Juan Antonio Perez (Espainia), Hassan Oubaddi (Maroko), Adbelaziz Merzogui (Maroko), Hamid Bendaouz (Maroko), Rachid Nadij (Espainia), Jorge Blanco (Espainia), Alvaro Gutierrez (Espainia), Alessandra Aguilar (Galizia), Cristina Jordan (Espainia), Malika Ashssash (Maroko), Khadija Laarousi (Italia), Rebecca Walter (Alemania).
Iaz, Mounir Fifa (29:27) eta Trihas Gebre (32:50) izan ziren lasterketa nagusiko irabazleak.
Ibon Esparza; Korrikalari donostiarra:
«Nire gorenera iritsi naiz, eta nire helburua hor mantentzea da»

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Berezia da Erregetako Krosa Ibon Esparzarentzat (Ulia, 1977); Uliako Gimnastikarekin hasi baitzen korrika egiten, eta bere lasterketa dela sentitzen du.
Urteak daramatzazu korrika egiten, ezta?
Bai, duela hamasei urte inguru hasi nintzen korrika egiten, pixkanaka-pixkanaka. Azken urte hauetan 100 kilometroko probetara igaro naiz, eta emaitza politak lortu ditut. Aurtengo neguan kros batzuk egitea pentsatu dut, lokatzetan sartzea.
Zer du zuretzako berezi Erregetako Krosak?
Donostiakoa naiz, Uliakoa naiz, eta Erregetako Krosa nire lasterketa da. Saiatuko naiz ahalik eta ondoen egiten, eta, ahal bada, ikuskizun pixka bat ematen. Iaz, esaterako, 100 kilometroko bat prestatzen ari nintzen, eta hona normalean azkar korrika egitera etortzen gara. Gainera, zirkuitua polita da korrika egiteko, eta ikusle asko biltzen dira. Gustura egiten dut.
Ibilbide aldaketak eragingo du denboretan?
Ez gehiegi, iazko bera da, baina Sagueseko bihurgune batzuk kendu dituzte. Azkarragoa izango da, hasieran bira txiki bat egingo dugulako, eta hor ez da kurbarik egongo.
Iazko denboraldia zer moduzkoa izan zenuen?
Arraro xamarra izan zen. Asier Cuevasi esker hasi nintzen 100 kilometroko probak egiten, zazpi ordutatik jaitsiz. Azkenean, 6:47 egin nuen, eta selekzioarekin joan ginen Munduko Txapelketara. Beraz, alde horretatik oso pozik. Nire gorenera iritsi naiz, eta hor mantendu nahi dut.