Opera bat eskainiko du lehenengo aldiz dFeriak
Arte eszenikoen azoka martxoaren 7tik 10era egingo dute.
dFeria XXII. Arte eszenikoen azokaren aurkezpena egin dute gaur goizean, edizio berriaren irudia aurkezteko eta programazioaren aurrerapena egiteko. Horretarako, prentsaurrekoa egin dute Kulturako zinegotzi Miren Azkarate, dFeriaren zuzendari Norka Chiapusso eta azokaren irudiaren sortzaile Andoni Garciak. Aurreratu dutenaren arabera, 14 dantza ikuskizun eta 17 antzerki obra egongo dira ikusgai, martxoaren 7tik 10era bitarte. Berrikuntza moduan, lehen aldiz opera bat eskainiko dute, Quatro Santos Em Tres Actos, eta Tabakalera izango da azokaren beste egoitzetako bat. Aurtengo gaia elkarrizketak izango da.
Viktoria Eugeniako programazioari dagokionez, lau ikuskizun aurreratu ditu Chiapussok:
- Martxoak 7, astelehena, 20:30. Quatro Santos Em Tres Actos. Teatro de Bairro, Ar de filmes. Opera hau Donostian estreinatuko dute.
- Martxoak 8, asteartea, 20:30. Oskara. Kukai Dantza Taldea eta Marcos Morau / La Veronal.
- Martxoak 9, asteazkena, 20:30. Foot-Ball. Gelabert + Azzopardi Companyia de Dansa.
- Martxoak 10, osteguna, 20:30. Aire. Bovoj.