Espainiako Auzitegi Nazionalak orotara ezker abertzaleko 24 kide jarri ditu auzipetze bidean; horietatik 22k Madrilen deklaratuko dute gaur eta bihar.
Zazpi donostiar dira deklaratzera deitutakoak.
Urko Aiartza, Mikel Aznar, Ainhoa Landaberea, Fernando Gaztelu, Asier Coloma, Arkaitz Rodriguez eta
Eider Imaz. Gaur arratsaldean kontzentrazioa egingo dute Artzai Onaren plazan, 19:00etan.
Hasiera batean 27 kidek deklaratu behar zuten. Hiru kidea, ordea, sumariotik atera ditu epaileak: Hodei Egaña amaratarra eta Imanol Nieto eta Eli Zubiaga bizkaitarrak. Epaileak onartu egin du hiru kideek argumentatutakoa: “D3M eta Askatasuna auzian auzipetu gintuzten, kausa beragatik, eta orduan absolbituak izan ginen”, adierazi dio Hodei Egañak Irutxuloko Hitzari. Bihar zen deklaratzekoa Egaña, Madrilen. Sumarioak aurrera jarraitzen duen arren, epailearen erabaki honek esanahi berezia duela uste du: “Ikusiko dugu aurrerago zer gertatzen den, baina judizialki esanahi berezia du honek. Kausa beragatik absolbituak izan baginen gu hirurok, beste guztiak zergatik zigortu behar dituzte?”.
Joan den astean agerraldia egin zuten Donostian, salatzeko “jardun politiko publikoa” egiteagatik jarri dituztela auzibidean: “Duela zortzi urte arrazoi beragatik deklaratzera deituak izan ginen”. Gogorarazi zuten harrezkero auzipetuetako batzuk espetxean daudela, beste batzuk zigorra osorik bete ondoren auzibidean jarri nahi dituztela eta beste batzuk jada absolbituak izan direla beste epaiketa batzuetan.
“Epaiketa eta jazarpen politikoaren kateak ez du etenik ordea. Gu deklaratzen gauden bitartean 04/08 auziko lagunak egongo dira epaigelan eta bien bitartean, urtarrilaren 12an beste bost donostiar ere epaituko dituzte, preso bati harrera egitea egotzita”, gogorarazi zuten.
Espainiako Estatuari egotzi diote “gatazka egoera betikotu” nahi izatea epaiketen bidez: “Epaiketa politikorik gabeko herri bat nahi dugu, behin betirako bakea eta konponbidea nahi ditugu eta gure esku dagoena egingo dugu inmobilismoaren harria mugitzeko”.
Espainiako Auzitegi Nazionalak orotara ezker abertzaleko 27 kide jarri zituen auzipetze bidean.
2007ko urrian Seguran (Gipuzkoa) eginiko polizia operazioaren sumarioarekin dauka lotura ikerketak, sumario horretatik bereizitako auzi ekonomiko moduko bat. Delitu larriak leporatzen zaizkie ikerketapean dauden 27 pertsonei: “Talde terrorista” bati laguntzea, kapitala zuritzea eta ondasunen ostentzea.
Zazpi urtez geldirik egon ostean auzia berriz abiatzea “erabaki politikoa” dela salatu zuen Idoia Aiastuik. Sortuko Antolakuntza idazkariak azpimarratu duenez, auzitegiak ikerketa abiatu zuenetik “errotik” aldatu da Euskal Herriko egoera politikoa.
Iñigo Balda, Nuria Alzugarai eta Peio Galvez 04/08 sumarioan daude auzipetuta, eta bihar
bost donostiar epaituko dituzte Amarako preso bati harrera egiteagatik.