Farmazia Lagunkoia programa abian jarri dute, adinduekiko arreta hobetzeko
Donostiako 18 farmaziak edadetuentzako egokitutako gune bihurtzeko konpromisoa hartu dute.
Zahartze aktiboa sustatzeko, eta adinduen bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa hartu zuen Donostiako Udalak 2008. urtean, Osasunaren Mundu Erakundearen Hiri Lagunkoiak programarekin bat egin zuenean. Orain pauso bat gehiago eman du, eta Farmazia Lagunkoia programa duen lehen hiria izango da. Dagoeneko hiriko 18 farmaziak bat egin dute programa honekin, eta adinduentzako gune berezi bihurtzeko konpromisoa hartu dute.
Pertsona adinduekin izango duten harremana, farmaziaren espazio fisikoa, farmazia zerbitzua, zerbitzuen komunikazioa eta arreta profesionaleko esparruan zehaztu dira konpromiso horiek. Programarekin bat egiten duten farmaziak ezaugarri berezi batekin identifikatuko dira, eta espazio fisikoa egokituko dute.
Farmazia sozialagoak, komunitarioagoak, eta pertsona adinduekin bereziki inplikatuagoak lortzeko helburua du Farmazia Lagunkoiak programak. Aurkezpenean izan dira Eneko Goia, alkatea, Eva Salaberria Donostia Hiri Lagunkoia proiektuaren arduraduna eta Angel Garay, Gipuzkoako Farmazien Elkargoaren lehendakaria.
Gaur egun Donostiako herritarren %22k 60 urte baino gehiago dituzte, eta ia %40k 50 urte baino gehiago. Salaverriak azpimarratu du pertsona adiduak egundoko aktiboa direla: “Pertsona adinduei buruz ari garenean sarritan alderdi negatiboekin, gaixotasunekin eta mendekotasunarekin lotzen ditugu. Eta ez da, egia inolaz ere. Era askotako gaietan pertsona adinduekin lan egin dugunean ikuspegi oso kritikoa izaten dute hiriari buruz, esperientzian eta memorian oinarritutakoa, baina era berean, lotura guztiz emozionala dute, eta hiria hobetzeko nahia dute”.