Akordio batera iritsi dira, eta Segurako operazioarekin lotutako auzipetuek ez dute espetxe zigorrik bete beharko.
04/08 sumarioko auzipetuak, Auzitegi Nazionalean. (Argazkia: Berria / Jon Olano)
Abenduaren 3an hasi zen Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa, eta gaur zen jarraitzekoa, baina ez da horrela izan. Bi aldeek akordioa lortu dute. Nuria Alzugarai, Peio Galvez eta Iñigo Balda egiatarrak dira sumarioan auzipetuta zeuden donostiarrak, eta ez dira kartzelara joango.
Auzipetuek akusazioak onartu dituzte, aitortuz legeriaren aurka jardun zutela. Halaber, “indarkeriazko jarduera ororen” aurkako konpromisoa azaldu dute, eta espero dute aitortza horrek biktimen oinazearen “erreparaziorako” balio izatea.
AVTk eta Dignidad y Justiciak onartu dute aitortza horren ondorioz zigorrak murriztea; urte eta erdi eta bi urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete guztiei, eta, beraz, auzipetu bat ere ez da espetxera joango. Halaber, aitortu dute bost urtez luzatu dela auzia, auzipetuen borondatearen kontra.
Akordioa banan-banan berretsi dute akusatuek epaileen aurrean, eta, behin hori eginda, frogei eta gainerako prozedurei uko egin diete bi aldeek.
Iazko abenduaren 3an hasi zen epaiketa, Seguran 2007an eginiko polizia operaziotik zortzi urtera.
1,2 milioi, bermetan
Libre mugimenduak epaiketari buruzko datu batzuk jakinarazi zituen epaiketa hastear zenean, polizia operaziotik igarotako zortzi urte hauetan guztietan gertatutakoa laburtzeko. Auzipetuek orain arte kartzelan eman dituzten urteak batuz gero, 54 urteko espetxealdia igaro dute dagoeneko. Bermetan, berriz, 1.266.000 euro jarri behar izan dituzte. Peio Galvezek eta Iñigo Baldak urte eta hiru hilabete pasa dituzte kartzelan; Nuria Alzugaraik, bi urte.