Danborradako jarduerek keinu bereziak egingo dizkiote Kultur Hiriburutzari
Helduen 136 danborrada ibiliko dira hiriko kaleetatik barrena; 16.227 herritar, orotara.
Danborraden elkarretaratzea egingo dute Kontxa hondartzan
2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren inauguraziorako deialdi gisa, hiriko auzoetatik bertaratutako haurren eta helduen danborradetako ordezkariak Kontxa hondartzan bilduko dira hilaren 23an. Hiriko zazpi eremutako danborradetako kideekin osatuko den konpainia bakoitza leku jakin batean elkartuko da. Ondoren, hondartzara hurbilduko dira, eta bertan denak elkarrekin joko dituzte danborradako hainbat abesti. Jarduera honetan 4.000 parte hartzaile inguru egongo dira.Hiru bandera egongo dira
Bandera igoerari dagokionez, Europako Kultur Hiriburutzaren urtearen inaugurazio ofizialerako programatu duten lehenengo ekitaldia izango da. Liburutegiko eraikinean hiru bandera igoko dira: Eneko Goia alkateak Donostiakoa igoko du; berriki zendu den Vicente Zaraguetaren alabek, Blanca eta Consuelo Zaraguetak, ikurrina; eta 2016ko Urrezko Danborra den Cristina Iglesiasek Europakoa. Bandera jaistearen ardura ere beraiek izango dute. Bertan, Gaztelubide elkarteko danbor eta upel jotzaileak ez ezik, 95 lagunek ere hartuko dute parte beste hainbeste danborrada ordezkatuz. Pertsona horien artean, Hiriburutzaren arimaren lekuko gisa, auzo bakoitzera eraman eta San Sebastian egun osoan bertan egongo den danborra jasoko duten arduradunak egongo dira. Donostiako Orfeoiko 140 abeslarik kantatuko du oholtza gainean. Kresala dantza taldeak bandera igoerarako bereziki prestatutako koreografia estreinatuko du. Musika, Errenteriako Musika taldeak jarriko du, 54 musikariren eskutik. Igoera zuzenean emango dute udaletxearen terrazan ipiniko diren pantaila erraldoietan. Horrela, ikuskizunaz kalean gozatzeko aukera zabaldu nahi dute.Magia ikuskizuna eskainiko dute bandera jaitsieran
Bandera jaitsieran Union Artesanako kideak izango dira oholtza gainean, baita Easo abesbatza eta kulturarekin zerikusia duten hainbat pertsona ere: Aizpea Goenaga, Juanjo Ocon orkestra zuzendaria, Edu Murumendiaraz eta Jon Maia dantzariak, Marta Cardenas margolaria, Mitxel Ezkiaga kazetaria eta Hansel Cereza, 2016ko inaugurazio ekitaldiaren diseinatzailea. Europako ereserkia jo aurretik, heldu zein haur danborraden ordezkariek, 24 ordu lehenago jaso eta San Sebastian egun osoa auzo bakoitzean egon diren danborrak itzuliko dituzte, Hiriburutzaren arima daramaten lekuko gisa. Europako ereserkia jotzen den unean, magia ikuskizun bat egongo da, eta horren amaieran, Europako bandera ikusgarri bat argiztatuko dute. SAN SEBASTIAN EGUNAREN OSPAKIZUNEN EGITARAUA 2016- Urtarrilak 18, astelehena, 12:00. Haur danborraden aurkezpena. Viktoria Eugenia Antzokia.
- Urtarrilak 18, astelehena, 19:30. Danborradari harrera eta esker ona. San Telmo Museoa.
- Urtarrilak 19, asteartea, 19:00. Hiritar merezimenduaren dominen banaketa. Udaletxeko pleno aretoa.
- Urtarrilak 20, asteazkena, 00:00. Bandera igoera. Konstituzio plaza.
- Urtarrilak 20, asteazkena, 12:00. Haur Danborrada. Hiriko kaleetan zehar.
- Urtarrilak 20, asteazkena, 12:30. Urrezko danborra. Udaletxeko pleno aretoa.
- Urtarrilak 20, asteazkena, 24:00. Bandera jaitsiera. Konstituzio plaza.
- Urtarrilak 23, larunbata, 12:15. Danborraden bilkura. Kontxa hondartza