Euren ustez, Metroaren inguruko eztabaidan eta erabakietan jendartearen parte hartzea ahalbidetzeko eskaini den tartea ez da nahikoa izan.
Satorralaia mugimenduko hainbat bizilagun, udaletxearen atarian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Satorralaiak, Donostiako Metroaren proiektua gelditzearen aldeko Satorralaia bizilagunen mugimenduak, elkarretaratzea egin du gaur udaletxearen atarian, eta bertan eskaera bat aurkeztu du. Izan ere, Donostiako alkate Eneko Goia eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburu Ana Oregirekin bildu nahi du mugimenduak: “gure arrazoien eta proposamenen berri eman nahi diegu, hau da, hirian desadostasun zabala sortzen duen proiektu polemiko honen inguruan informazio, eztabaida eta erabaki prozesu askoz ere partehartzaileagoak abian jartzeko dagoen beharra helarazi”.
Euren ustez, Metroaren inguruko eztabaidan eta erabakietan jendartearen parte hartzea ahalbidetzeko eskaini den tartea ez da nahikoa izan. Hala, beraien kezka eta desadostasuna azaldu nahi izan dute, “Eusko Jaurlaritzak ehundaka alegazioei erantzunik gabe Metroaren eraikuntza proiektuen idazketa agindu duelako joan den azaroan”. Egoera honek parte hartze publikoaren eskubidea urratzen duela salatu dute.
Halaber, gezurtatu nahi izan dute Donostiako Metroaren geltoki bakoitzean ustez egunero 40.000 bidaiari ibiliko diren informazioa: “Eusko Jaurlaritzak berak egindako azterketa batean beste kopuru batzuk aipatzen zituzten: Benta Berriko geltokian, 9.711 bidaiari; Erdialdekoan, 8.844; eta Easoko geltoki berrian, 5.631 bidaiari”.
Modu horretan, eztabaida publikoa zapuzten ari direla salatu dute, eta erantzunik gabe uzten ari direla Metroaren proiektua ezbaian jartzen duten hainbat arrazoi eta galdera: azpiegiturak hirigintzan, ekonomian, dBus zerbitzuetan edota hiri-ereduan izango lituzkeen eraginak, besteak beste.
Horrenbestez, bizilagunen mugimenduak Eneko Goia alkateari eta Ana Oregi salburuari biltzeko eskaera egin diete, “Metroaren gaian abian jarri den aurreranzko ihesaldiarekin etetea eskatu eta herritarren elkarteekin zein talde sozialekin iritziak trukatzea premiazkoa dela aldarrikatzeko, hau da, Donostialderako garraio publikoaren inguruan irtenbiderik egokiena izan daitekeenari buruz eztabaida eta erabaki prozesu parte hartzaile bat ireki dadin”.
Eskaera aurkeztu dute udaletxean. (Argazkia: Lide Ferreira)