Europako Kultur Hiriburutza elkarbanatzen dutenez, Alderdi Ederren jarriko duten pantaila erraldoi baten bidez bat egingo bi hirietako txikiek
Haur danborradako kargu nagusiak, udaletxeko aurkezpenean, udal arduradunekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Poza eta urduritasuna nagusi izango dira, gaur eguerdian, udaletxean. Izan ere, haur danborradaren aurkezpena egin dute, eta bertan izan dira pertsonaia nagusien larruan sartuko diren haurrak. Alfonso Gurpegi Festa Jardueretako zinegotziak azaldu duenez, aurtengo San Sebastian eguna berezia izango da, Europako Kultur Hiriburutza ospatuko duelako hiriak, hainbat jardueren bidez: “Bere nortasuna mantenduko du, baina hainbat keinu egingo dizkio Hiriburutzari”. Guztira 7.613 haur ibiliko dira hiriko kaleetan barrena, urtarrilaren 20an, 48 konpainiatan banaturik.
Zehazki, 11:45ean abiatuko dira lehenengoak Alderdi Ederretik,
San Sebastian Martxa eta Europako ereserkia jo ostean. Aldi berean, ordea,
Wroclaw hiriko haurrak ere euren hirian danbor hotsen artean murgilduko dira. Donostiarekin batera Hiriburutza elkarbanatzen du Poloniako Wroclaw hiriak, eta festarekin bat egingo dute horrela. Donostiarrek aukera izango dute Poloniako haurrak San Sebastian Martxa jotzen eta abesten, Alderdi Ederren jarriko duten pantaila erraldoiari esker. Hala, guztira, 11.000 haurrek ospatuko dute aldi berean San Sebastian eguna. Gainera, Xabi Paia Donostia 2016 Fundazioko Kultur zuzendariak aipatu duenez, 2.116 kilometrok banatzen dituzte bi hiriak.
Zehazki,
Hipika E.E. Lantzarien konpainiakoak izango dira Jenerala, Laguntzailea, Easo Ederra, Damak, pertsonaiak eta palafrezainak. Zozketa bidez hala suertatuta. Danbor Nagusiaren kargua, berriz,
Aieteko Jesuitinas ikastetxekoa izango da; irteerako hurrenkera kontuan izanik euren txanda baitzen. “Inbidia handia ematen didazue; nik, zoritxarrez, txikitan ez nuen danborradan ateratzeko aukerarik izan. Ongi egin lanak, eta hartu indarra”, esan die Eneko Goia alkateak txikiei.