Amarakaldek batzordeko danborradek ekitaldi bereziak egingo dituzte
Europako Kultur Hiriburutzarekin lotuta egin dituzten proposamenak azaldu dituzte.
Amarakaldek batzordeak Amara Berri, Loiolako Erribera eta Morlansko danborrada batzuk biltzen ditu. Hasieran bizpahiru danborrada ziren bakarrik, baina denborarekin hamabost izatera iritsi dira: Donosti kirol elkartea, El Sauce, Santiagomendi, Ikasbide kultur elkartea, Katalin Erauso, Goazen Erreala, Donosti Cup, Morlanstarrak, Irauli, Erriberatarrak, Amaratarra, Urtoki, Lagun Berriak, Amara Berri eta Abandotarra.
Aurten San Sebastian egunaren inguruan egingo dituzten ekitaldien berri eman dute gaur Armeria plazan. Urtarrilaren 19an, danbor hotsak Zorroagako zahar etxera eramango dituzte 19:30ean. Danborradatako hainbat ordezkarik festaren zatitxo bat eramango dute. “Oso ekitaldi polita da, pertsona adinduek izugarri eskertzen dute eta asko hunkitu egiten dira”, adierazi dute Amarakaldek-eko kideek. Auzoan gauerdian hasiko da festa giroa. Donosti kirol elkarteak, auzoko lehen danborradak, bandera igoko du Ikasketa plazan, gauerdian. 1973an sortu zen, eta hamabost urtez auzoko danborrada bakarra izan zen, 1988. urtean El Sauce eta Abandotarrarenak sortu ziren arte.
Ondoren, 01:15ean Santiago Mendik eta Donostik elkarrekin bandera igoko dute Armeria plazan. Eta eguerdian berriz itzuliko dira danbor hotsak, gauerarte, etenik gabe. Arratsalderako (19:45) ekitaldi berezi bat prestatu dute. Antzinako martxa joko dute Armeria plazan Amara Berri, Lagun Berriak, Ikasbide eta Urtoki danborradek, baina ez dira bakarrik egongo. Ikasbide kultur elkarteko dantzariek martxa dantzatuko dute, eta Orfeoiko kide diren Urtokiko kide batzuek martxa kantatu egingo dute.
Armeria plaza jada San Sebastian egunerako apaindu dute, eta bertan ikus daitezke Iñaki Regil auzotarrak eskuz pintatu dituen banderak. Amarakaldek osatzen duten danborraden sinboloak hartu, eta bandera bihurtu ditu. Horiek denak ikusgai daude jada.
Kultur hiriburutzarekin lotutako ekitaldiak
Aurten, Donostia 2016 Kultur Hiriburutza dela eta, San Sebastian egunean, danborradarekin lotuta, zerbait berezia egin nahi zuten. Donostia 2016 eta Donostiako Festak-ekoekin bildu eta zenbait proposamen egin zituen Amarakaldek-ek: Danborrada guztien argazki erraldoi bat egitea, auzoetako danborraden lekukoak Konstituzio plazara eramatea eta danborrada guztien banderak Konstituzio plazako balkoietan jartzea, besteak beste. Amarakaldek azaldu duenaren arabera, Donostia 2016k, ez zuen erabakirik hartzen proposamen hauen inguruan, eta horrek elkarteko kideen haserrea piztu zuen: “Bilera asko egin genituen, eta proposamen gehienak guk egin genituen. Baina ez ziguten baiezkorik ematen”.
Europako ereserkia danborrada guztiek jo behar izateak ere aurkako jarrerak piztu zituela azaldu dute: “Donostia Festak-ek proposatu zuen danborrada guztiek Europako ereserkia jotzea, baina hainbat elkartek ezetz esan zuten, eta aurka agertu ziren. Horregatik, proposamen hura baztertu, eta soilik Konstituzio plazako banderaren igoera eta jaitsieraren ekitaldian jotzea erabaki zuen Donostia Festak-ek”.
Azkenean, proposamen gehienak onartu ditu Donostia 2016-k, eta hasierako desengainua pasa zaie. San telmo Museoan danborraden xingola jartze ekitaldia egingo dute hilaren 18an – danborradei esker ona adierazteko- eta Kontxa hondartzan 5.000 danborrariren argazkia egingo dute hilaren 23an. San Sebastian egunean, Donostiako 7 gunetatik (auzoka banatuta) lekukoak eramango dira bandera igoera eta jaitsiera ekitaldietara. Danborrak izango dira lekukoaren sinboloa. Amarakaldek-ekoek Armeria plazan izango dute euren danborra, eta hilaren 19ko gauerdian Konstituzio plazara eramango dute, gero berriz bueltan auzora eraman, eta ondoren berriz Konstituzio plazara eramateko: “Hasiera batean hiriko danborrada guztien artean egin behar genuen lekukoen txandena, baina proposamen hori baztertu egin zen, koordinatzeko konplikatuegia zela argudiatuta”.
Amarakaldek-en beste proposamen batek ere aurrera egin du. San Sebastian egunean zehar, ordu zehatz batzuetan, Iriyarena pieza joko dute danborrada guztiek aldi berean eta batera: “Dauden tokian daudela ere, danborrada guztiek joko dute pieza hori”.
Arantzatxo bat geratu zaie barruan, Konstituzio plazan hiriko danborrada guztien banderak jartzea: “Izugarri ederra izango zen Konstituzio palzako balkoi bakoitzean bandera bat jartzea. Hotsandiko ekitaldia da San Sebastian eguna, urteko festarik garrantzitsuena da, eta merezi duen edertasuna behar du”, argudiatu du Iñaki Regil-ek. Hiriko danborrada guztien banderak eskuz egiteko prest dagoela azaldu du, eta hurrengo urteetan ere honen alde lan egingo duela berretsi du. Iñaki Olasagasti Amara Berriko auzo elkartearen presidentea ere iritzi berekoa da: “Italian, Sienan, Palio ikuskizuna dute. Zaldi proba horretan banderak erakusten dira, denak elkarrekin, eta izugarria da”.
Orain, egun handirako bost egun falta direnean, poza nabari da danborradetako kideen artean. Eta noski, denak eguraldi iragarpenak begiratzen ari dira: “Aurten ez du euririk egingo, baina tenperatura oso hotzak iragarri dituzte”.
Amara Berriko danborradak:
Urtarrilak 19:
19:30 Zorroagako zaharren egoitzan hainbat danborradatako kideek joko dute.
24:00 Banderaren igoera Donosti Kirol Elkartearekin, Ikasketa plazan.
Urtarrilak 20:
01:15 Santiagomendi eta Donosti Kirol Elkartea danborraden kontzentrazioa, Armeria plazan.
13:30 Katalin Erauso eta Goazen Erreala danborradak, Gregorio Ordoñez kalean.
14:15 Goazen Erreala eta Irauli danborradak, Armeria plazan.
15:00 Goazen Erreala eta Donosti Cup, Anoeta estadioan.
16:55 Donosti Cup eta Ikasbide Kultur Elkartea, Isabel II. kalean.
18:45 Ikasbide kultur elkartea eta Morlanstarrak, Pio XII.ren plazan.
19:00 Abandotarra eta Morlanstarrak, Pio XII.ren plazan.
19:45 Amara Berri, Lagun Berriak, Ikasbide eta Urtoki danborradak, Armeria plazan.
21:30 Amara Berri eta El Sauce, Pio XII.ren plazan.
24:00 Banderaren jaitsiera Amara Berri ikastetxeko danborradarekin.
24:00 Banderaren jaitsiera El Sauce elkartearekin, Jose Maria Salaberriako egoitzan.