Ateak irekitzen dituenean, autobus geltoki berriak hogeita bat nasa izango ditu; horietatik bederatzi guztiz irisgarriak, gurpildun aulkia dutenen mesederako.
Autobus geltoki berriko nasak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok gaur inauguratu behar zuten autobus geltoki berria, 13:00etan. Bada, irekierak itxaron beharko du, suhiltzaileen txosten batek behartuta. Udalak ez du inauguraziorako datarik zehaztu.
Geltoki berria bisitatzeko aukera izan zuten komunikabideek, atzo goizean, baina albistea 16.30ak inguruan etorri zen. Udalak urgentziazko agerraldi batera deitu zituen hedabideak, eta inaugurazioa kolokan egon zitekeela espekulatzen hasi ziren zenbait kazetari. 18:00etan egin zuten prentsaurrekoa, eta berria berretsi zuten: autobus geltokia ez dute gaur inauguratuko, ez eta bihar abian jarriko.
Lehen autobusa larunbata goizaldean ateratzekoa zen geltoki berritik, 5:00etan, Loiuko aireporturantz. Suhiltzaileen txostenaren arabera, baina, segurtasun baldintzak ez dira betetzen. Autobus batek su hartuko balu, kea ez litzateke irtengo. Hori ikusi dute azken azterketan.
10.000 erabiltzaile egunero
Arratsaldeko albistea etorri baino ordu batzuk lehenago, autobus geltokiari bisita egin zioten komunikabideek. Azpiegituraren hainbat xehetasun eman zituzten bertan, Mugikortasun zinegotzi Pilar Arana eta geltokiko lanen eta zerbitzuaren arduradun Javier Etxarriren eskutik.
Autobus geltokiak 18.356 metro koadroko azalera izango du. Sarrerako solairuartea eta hiru solairu ditu, hain zuzen ere. Beheko bi solairuetan dagoeneko erabilgarri dagoen parkina dago, eta hirugarrenean autobus geltokia, kafetegia eta txarteldegia. Geltokiak «irteera eta sarrera errazak» dituela nabarmendu du Etxarrik, autobusen joan-etorriari dagokionez.
Geltokia estalia da, baina erdian estruktura ikusgarri bat du, pilare lana egiten duena. Gune hau irekia da, eta, Etxarrik argitu duenez, «argia eta haizea sartzen dira, eta ibilgailuen kea ere bertatik ateratzen da».
Inguruko hirigintza lanak amaitzen direnean, oinezkoentzako hiru sarrera izango ditu. Irekitzerakoan, baina, bi erabili ahalko dira: Frantzia pasealekutik, igogailuz nahiz eskaileraz, eta Egiako pasabideko solairuartetik.
Pio XIIko autobus berak jasoko ditu geltoki berriak ere. Hau da, Lurraldebus, Alsa, La Baztanesa, Bilmanbus, La Burundesa, La Estellesa, Le Basque Bondissant, Socibus, Monbus eta Atlassib konpainiek kudeatutako 500 autobus inguru. Egunero, 8.000 eta 10.000 erabiltzaile inguru izango ditu geltokiak. Irekitzen dutenean, Euskotreneko autobusak ez dira Atotxako geltokira sartuko. Zerbitzu hori egokitzeko aldundiarekin lanean ari dira oraindik.
Aietek ez du lotura zuzenik Atotxarekin
Lantxabe, Aieteko bizilagunen elkartea, haserre dago. Salatu du Dbusek ez duela autobus linearik egokitu Aiete eta geltoki berria lotzeko, zaharkitutako geltokira joateko auzotarrek bi linea dituztenean. Dbusekin kontaktuan jarri da Lantxabe, eta autobus konpainiak onartu du konponbide zaila duela arazoak.