Igeldo ez da 89. udalerria izango
Itsasoren desanexio prozesua amaitzear da, eta Gipuzkoako 89. udalerria izango da.
Itsasok aurre hartuko dio Igeldori, eta Gipuzkoako 89. udalerria izango da laster. Itsasoarren eskariz, desanexio prozesua abiatu zuten 2011. urtean, eta amaitzear dago prozesua. Ezkio eta Itsaso zein baldintzatan banatuko diren zehazten duen txostena onartu, osoko bilkurara eraman eta foru aldundiaren oniritzia jasotzea falta da soilik.
Igeldotarrak Donostiatik bereiztearen alde agertu ziren 2013ko azaroan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Martin Garitano (Bildu) buru zela antolatu zuen galdeketa. Emaitza baiezkoa izan zen, Igeldo Gipuzkoako 89. udalerri izatearen aldekoa: %72 herritarrek parte hartu zuten, eta %61k bozkatu zuten udalerri izatearen alde; %36k, berriz, aurka.
Donostiako Udaleko oposizioko taldeek eta Espainiako Estatuaren abokatuak, ordea, helegitea jarri zuten aldundiak horretarako eskumenik ez zuela argudiatuta, eta Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen aldundiaren desanexio dekretua. Orain, baina, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die galdeketa babesten zutenei, eta legezkoa izan zela ebatzi du.Espainiako Estatuaren abokatuaren helegitea atzera bota du auzitegiak. Argudiatu du foru eskuduntza bati buruzko galdeketa zela. Izan ere, udalerriak izendatzea foru aldundiaren eskuduntza da. Estatuaren Abokatuak zioen erreferendum bat zela aldundiarena, eta horretarako eskumenik ez duela. Auzitegiak, ordea, argudiatu du 16 urtetik gorakoek bozkatu ahal izan zutela, eta, errolda beste bat izan zenez, horrek ere frogatzen duela ez zela izan erreferenduma.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretu bidez onartu zuen desanexioa, baina ez zen gauzatu, Donostiako Udaleko oposizioko alderdiek (EAJ, PSE eta PP) helegitea jarri eta epaitegiek atzera bota baitzuten aldundiaren erabakia. Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen galdeketa 2014ko otsailean, eta apirilean atzera bota zituen Donostiako Udalak eta Itsas Aurre elkarteak erabaki horren kontra aurkeztu zituzten helegiteak.
Aldundiak galdeketa egiteko eskumena zuela argituta, ikusteko dago auziak zer bide hartzen duen.