Zezenketen inguruko galdeketa egiteko 2.500 sinaduratik gora bildu dituzte jada
Hilabete bat pasa da Donostia Antitaurina plataforma sinadurak biltzen hasi zenetik, eta jada 2.563 sinadura lortu dituzte. Bost hilabete dituzte zezenketen inguruko galdeketa egin ahal izateko behar dituzten beste 5.437 sinadurak biltzeko. Donostian erroldatuta dauden herritarren %5en sinadurak behar dituzte. Donostia Antitaurinak adierazi du argi dutela erronka lortuko dutela.
Sinadura bilketak harrera oso ona izan duela plazaratu dute, “gai honekiko donostiarren interesa agerian dago. Udalaren baliabideak herritarrok mantentzen ditugu, beraz logikoa da herritarrek baliabide hauek zein helburutara zuzentzen diren erabaki ahal izatea. Diru publikoarekin aurrera eramaten den edozein ekintza hiritar guztien kontua da, eta ekintza hauek beste animalien esplotazioa eta hilketa ospatzeko bideratzen badira, denon artean erabaki beharko dugu udalak bere baliabideak zezenketak egiteko erabiltzeari utzi diezaion nahi al dugun edo ez”.
Donostian zezenketen inguruko herri galdeketa egitearen aldeko sinadurak biltzen ari dira larunbatero hiriko gune desberdinetan. Gainera, herritarrek hainbat saltokitan sinatzeko aukera ere badute.