Hilaren 30ean hartuko du Donostiak 47. Bertso Eguna; ohi bezala, egun osoko programa prestatu dute.
Aurtengo Bertso Eguna iragartzen duen kartela.
Urtarrilaren 30ean, larunbata, hartuko du Donostiak
47. Bertso Eguna. Goizez, arratsaldez zein gauez izango dira ekitaldiak, eta orotara,
28 bertsolari ariko dira kantuan. Berritasunak ere badakartza aurtengo Bertso Egunak: goizeko ekitaldia bertso-saio musikatua izango da eta gaueko afaria eta festa Kursaalen izango dira berriro, lehen egiten zen moduan.
Goizeko ekitaldia eguerdian hasiko da, 12:00etan. Oholtza gaineko saio berezia egingo dute Kursaal pareko Picachilla garagardotegian. Saio musikatua izango da:
Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza ariko dira kantuan bat-batekoan, eta
Rosi Lazkanok eta
Nerea Elustondok bertso jarriak eskainiko dituzte. Emanaldia
Estitxu Eizagirrek aurkeztuko du, eta saioan zehar klima aldaketak eragiteaz arduratuko dira
Idurre Eskisabel eta Eñaut Asurabarrena, gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken hauek Arkaitz Goikoetxea, eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko.
Arratsaldean, 18:00etan, hasiko da Kursaalean Bertso Eguneko ekitaldi nagusia. 10 bertsolari izango dira kantuan:
Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu.
Odei Barroso bertsolariaren
2zio taldea ere zuzenean ariko da. Bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan
gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak dira aurtengo ekitaldiaren helduleku. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Eneko Lazkoz eta Urko Casado aritu dira ideia landu eta gaiak prestatzen.
Saio nagusiaren ostean afaria eta festa egingo dituzte Kursaalen. Emanaldi mamitsua izango da afalostean, eta 12 bertsolari izango dira kantuan:
Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa. Bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dira, eta horietako batzuk musikatuak izango dira.
Sarrerak non
Goizeko ekitaldira joateko ez da sarrerarik behar. Ekitaldi nagusirako zein ekitaldi nagusirako eta afarirako sarrerak eskuragai daude
www.bertsosarrerak.eus atarian. Saiorako sarrerak 18 euroan daude (Bertsozale elkarteko bazkideek 13 euroren truke eskura ditzakete eta hamasei urtetik beherakoek 8 euroren truke) eta ekitaldi nagusira eta afarira joan nahi dutenek 45 euroan lortu ahalko dute sarrera (bazkideek 40 euroan eskuratu ahalko dituzte eta hamasei urtetik beherakoek, aldiz, 33 euroren truke).
Irutxuloko Hitzaren harpidedun eta sustatzaileentzako zozketa
Bertsozale Elkarteari esker, Bertso Egunerako 2 sarrera bikoitz ditugu harpidedun eta sustatzaileen artean zozkatzeko. Zozketan parte hartzeko zer egin behar da? Bidali mezu bat
zozketak-irutxulo@hitza.eus helbidera harpidedunaren
izen-abizenak, auzoa eta telefono zenbakia idatzita (mezuaren gaian idatzi Bertso Eguna). Gure erredakziora ere deitu dezakezu,
943467236 telefonora