Herri kulturen alde topa egiteko deia egin dute Donostiako Piratek
Larunbatean 18:00etan elkartuko dira Alderdi Ederren.
2016an ere Dono$tia eta €ultura abordatu iritzi artikuluan eman dute deialdiaren berri. Bertan, 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barnean ekitaldi interesgarriak daudela adierazi eta kultur eragileei zorte ona opa ostean, adierazi dute kultur ereduen arteko elkarbizitza arauak “boterea duenak” jartzen dituela, Kortxoenea gaztetxearen eraisketarekin argi geratu den bezala. Egitasmoari bertuteak ikusten dizkiotela adierazi dute, kezka agertu dute: “Urtebete iraungo duen festa erraldoi honek kezka batzuk ere sortzen dizkigu Donostiako Piratoi”.
Jaien esparrutik, Donostiako herri kultura ikustarazten eta bultzatzen jarraituko dutela berretsi dute: “Auzolana, autogestioa eta ahalduntzea bilatuz, herri kulturan sakondu nahi dugu. Donostiako beste eragileekin harremanak sendotzeko une polita dela uste dugu eta. 2016an hiri mailan kulturari buruz gogoeta egiteko balio badigu, bikain”.
Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin kritiko diren Donostiako norbanako, elkarte eta mugimenduei gonbidapena egin diete Donostiako Piratek. Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazioaren egun nagusian, larunbatean, herri kulturen alde topa egitera deitu dituzte. Alderdi Ederren elkartuko dira, 18:00etan.