Azaroan egindako landaketa prestatzen. (Argazkia: Uliako auzo elkartea)
Ez da berria Uliako auzo elkarteko kideek mintegiak berreskuratu eta bertako jarduera mantentzeko egiten duten ahalegina.
Lore Baratzak proiektua oinarri hartuta, parkea ezagutarazi, bertako aberastasun naturala bistarazi eta herritarren parte hartzea sustatzeko hainbat jarduera egiten dituzte: ur biltegi zaharretara bisita gidatuak, haurrentzako tailerrak…
Igande honetan berriro irekiko dituzte Uliako parkeko ateak. Oraingoan auzolan bat egingo dute
mintegia txukundu eta mantentze lanak egiteko.
Belazeetako eta bideko hostoak, adarrak eta zaborrak bildu, hazitegiko taulak lurrez bete beste lanketa batetarako prest uzteko, eta azaroan landatutako ilar nahiz baba landareak gorantz egoki hazteko estrukturak jartzea izango dira, besteak beste, egin beharreko lanak.
Horretarako herritarren laguntza eta parte hartzea eskatu ditu Uliako auzo elkarteak.
Saioa irekia izango da, eta
10:30etik 13:30era egingo dute auzolana. Beharrezkoa den material guztia bertan emango dute.